Euskal Herriko datu espazialen ataria jaio da: euskalgeo.net

Bizkaie! 2014-03-04 17:15

Euskalgeo.net atariak eskaintzen dauen azpiegitura espazialaren zati handi bat gaur egun instituzinoek eskaintzen dituen datu espazialak bateratuz osotuak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzearen GeoEuskadi edo Nafarroako Gobernuaren Idena, baina baita Euskal Herri mailan datu espazialak sortzen dagozan entidadeenak be, besteak beste, Euskaltzaindiak toponimiarako, EuskalNaturak (UEU) ingurumenerako edo Gaindegia ekonomia eta gizarterako.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, euskalgeo.net ataria abiarazo dau, Euskal Herri osorako datu espazialak eskaintzen dituan plataforma geomatikoa. Atariak ohiko Datu Espazialen Azpiegiturek (Spatial Data Warehouse) berezko dituan tresnak eskaintzen ditu, besteak beste, lekutzeko tresnea, mapa bisualizatzailea, deskargarako atala eta OGC zerbitzua. Holan, erabiltzaileak Euskal Herriko egitura ekonomiko, sozial, instituzional edo espazialagaz lotutako konsultak egiteaz gan, azpiegitura espaziala bere erara erabilteko aukerea izango dau.

Egun eskaintzen dauen katalogoa oinarrizkoa da eta hurrengo urtetan zabaltzen joango da. Eskuragarri dagozan elementuen artean dagoz: udalerrien katalogoa, eskualdeena, portu eta aireportuena… Azpimarratzekoa da bertan erabiltzaileak Euskaltzaindiak euskeraz finkatu dauen udal eta eskualdeen izendegia eskuragarri dituala, besteak beste.

Euskalgeo.net atariak eskaintzen dauen azpiegitura espazialaren zati handi bat gaur egun instituzinoek eskaintzen dituen datu espazialak bateratuz osotuak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzearen GeoEuskadi edo Nafarroako Gobernuaren Idena, baina baita Euskal Herri mailan datu espazialak sortzen dagozan entidadeenak be, besteak beste, Euskaltzaindiak toponimiarako, EuskalNaturak (UEU) ingurumenerako edo Gaindegia ekonomia eta gizarterako.

Datuen jatorria askotarikoa dan aldetik, euskalgeo.net atariak erabiltzaileari bertan dituan datu guztien gaineko metadatuak eskaintzen deutsoz, une oro jakin daian zein dan hartzen dagoan datuen jatorria.

Gaindegiak sortze beretik ekin eutson datu ekonomiko eta sozialak dimensino espazialean aztertzeari. Horri esker, gaur egun ohiko bihurtu jaku zonalde desbardinetako egoerea zehatz ezagutzea edo Arabako udalerri bateko datuak Zuberoako eskualde bategaz konparetea. Analisi lan horreek egin ahal izateko edo horren ezagunak bihurtu diran Gaindegiaren mapea eta www.atlasa.net aplikazinoa eregiteko urte luzetako lana egin dau Gaindegiak Euskal Herriko azpiegitura espaziala eregiten.

Euskalgeo.net atariak eskaintzen dauena, beraz, Gaindegiak bere azterlanetarako darabilen azpiegiturea da, ganerako ikerlari eta profesionalen esku jarri nahi dauena Euskal Herri mailako azterketa ekonomiko eta sozialak erraztu eta indartzeko.


Datu espazialak, gero eta beharrezkoagoak

Gizarte eta ekonomia alorreko analisiak egiteko analisi espaziala ezinbesteko diziplina bihurtu da, nahikoa da GIS teknologia ekonomia, gizartea edo ingurumen arloan zelan apliketan dagozan ikustea. Are gehiago, analisi espaziala eta datu espazialak ezinbestekoak bihurtu dira ingurumenaren babeserako, garapen ekonomikorako edo gizarte kohesinorako behar dan ezagumendua sortzeko. Nazino Batuek estadistikak izatea ongizaterako oinarrizko baliabidetzat jo zituen, gaur egun datu espazialak gehitu behar jakoz edozein Herrik dauen oinarrizko premina horri.

Gaurdaino Euskal Herriak ez dau datu espazialak eskaintzeko plataformarik izan. Bere garaian Udalbiltzak be egitasmo hori bertan behera itxi behar izan eban zailtasun teknikoakaitik. Gaindegiak, barriz, teknologia honen garapenari eta Euskal Herriko hainbat instituzinok emondako pausuei esker (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak…) Euskal Herri osoari jagokozan datu espazialak eregi eta eskaintzen ditu.

Hazten joango dan ataria

Gaindegiaren konpromisoa da plataforma honi eutsi, edukiak eguneratuta mantendu eta etorkizunean are eduki gehiago eskaintzea. Horretarako, euskalgeo.net plataforman Gaindegiak eskaintzen dauenaz gan, beste entidade batzuk eskain leikiezan oinarrizko datu espazialak be eskaini nahi leukez atariak, beti be, jagokon kalidade erispideak betearazoz. Momentu honetan Euskaltzaindiaren udalerrien zein eskualdeen izendegi normalizatua eskaintzen dau, baita EuskalNatura (UEU) taldearen paisaia unidadeen kartografia be.

Holako alkarlan bideak sustatzea dau helburu Gaindegiak, gero eta katalogo osoago bat eskaini guran.


Gaindegia: Euskal Herria oinarri daben zerbitzu emoile

Euskalgeo.net ez da Gaindegiak martxan dauen ezagutzarako plataforma edegi bakarra. Orain aste gitxi aurkeztu eban beste atari interesgarri bat: atlasa.net. Bertan Euskal Herriaren ekonomia eta gizarteagaz lotutako adierazle anitz konsultau daitekez, mapa gainean eta baita grafikoen bitartez be, eta euskalgeo.net atariak egiten dauen antzera, datuak deskargetako aukerea dago.

Holako plataformak garatuz, Gaindegiak Euskal Herriaren ezagutza sustatu nahi dau, batez be, ekonomia eta gizarte esparruetan, eta nazino ikuspegia daben baliabide eta lanabes edegiak herritarren eskura jarriz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu