Hiztegi Batua, OEH eta EODA eskuko telefonoan konsultetako aukerea zabaldu dau Euskaltzaindiak
2014-02-28 14:42Euskaltzaindiak garbi dauka gaur egun gizarteagazko hartu-emonetarako ezinbestekoa dala informazino- eta komunikazino-teknologiak erabiltea. Azken urteotan informazino-teknologien erabiltzaileek edonoiz eta edonon edukiak eskura izatea eskatzen dabe gero eta gehiago.
Akademiaren webgunearen atal erabilienak eskuko telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu dau Euskaltzaindiak. Hemendik aurrera, webgunearen bersino arruntean ez eze, Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia Smartphone eta iPhone muetako telefonoentzako egokitutako moldean be konsultau daitekez. Eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko be aukerea emoten da. Lana Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan garatu da, Akademiaren Informazino eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean.
Horren aurkezpena gaur egin da, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Alazne Gorrotxategi informatikariak emon ditue zehetasunak.
Akademiaren webgunean egiten dan legez, www.euskaltzaindia.net helbidea idatzi beharko da eskuko telefonoan ikusteko.
Lana Akademiaren Informazino eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean egin da. Batzorde horretako arduraduna dan Andoni Sagarnaren esanetan, Euskaltzaindiak garbi dauka gaur egun gizarteagazko hartu-emonetarako ezinbestekoa dala informazino- eta komunikazino-teknologiak erabiltea. Azken urteotan informazino-teknologien erabiltzaileek edonoiz eta edonon edukiak eskura izatea eskatzen dabe gero eta gehiago.
Holan, bada, gaineratzen dau, Euskaltzaindiak erabiltzaile horreei beren tresna mobikorren bitartez webguneko edukiak konsultetako aukerea emon guran, tresna mobikorretarako bersino barria kaleratzea erabagi dau. Hori da, hain zuzen be, Akademiak orain aurkeztu dauena.
Kontuak kontu, hiru arlo nagusi konsultau daitekez egokitutako formatuan: Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia. Hilez hil ikusten danez, horreek dira, hain zuzen be, Euskaltzaindiaren webgunean gehien bisitautako edukiak. Ondokoak dira 2013ko datuak:
• Hiztegi Batuak 924.355 bisita izan zituan.
• Orotariko Euskal Hiztegiak 508.672 bisita.
• Euskal Onomastikaren Datutegiak 1.139.265 bisita.
Era berean, webgunearen bersino arruntera joteko aukerea be emoten da.
Hiztegi Batuak berben forma estandarrak batzen ditu, hiztegi ortografikoa da. Euskeraz idazterakoan sortu izan dan hainbat zalantzari erantzuna emotera dator:
• Beste hizkuntza batzuetan jatorria daben nazinoarteko berben formak (iceberg, webgune, etab.).
• Nazinoartekoak izan ez arren erabilera zabala dabenenak (txupete).
• Hainbat herrialdetako biztanleak adierazoten dituen hitzenak (hegosudandar, jubatar, etab.).
• Arazo konplexuagoak izan leikiezan forma barrienak (immunoeskasia, etab.) eta
• beste zenbait arazo zituenak.
Orotariko Euskal Hiztegia obra deskribatzailea da, eta ez arauemoilea, ez normatiboa. Haren helburua garai, toki eta mueta guztietako euskal berba-ondarea batzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunek zelako hizkuntzea erabili daben ahalik eta osoen eta zehatzen azaltzeko helburua dauka hiztegi honek. 2013an, OEHren hirugarren argitaraldi elektronikoa aurkeztu eban Euskaltzaindiak.
Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak batzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: deitura edo abizenak (Agirre, Etxebarria,...); ponte izenak (Eneko, Leire, Miren,...); leku-izenak, eta honetan era askotakoak: probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak; eta exonimia, hau da, Euskal Herritik kanpoko leku-izenak, eta honetan kontinenteak, estaduak, munduko uriburuak, uriak, herriak...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!