Hemen da XV. Bilbao Distrito Jazz
2014-02-27 09:57 MusikeaBilbao Distrito Jazz programearen XV. edizinoa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaína Jazz Clubagaz alkarlanean antolatuta, zezeilaren 28an hasi eta martiaren 21ean amaituko da. Danetara, lau kontzertu izango dira, genero horretako musikari interesgarrien presentziagaz.
Bilbao Distrito Jazz programearen XV. edizinoa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaína Jazz Clubagaz alkarlanean antolatuta, zezeilaren 28an hasi eta martiaren 21ean amaituko da. Danetara, lau kontzertu izango dira, genero horretako musikari interesgarrien presentziagaz. Lehenengoa The Wild Bunch boskoteak eskainiko dau datorren barikuan, zezeilaren 28an, arratsaldeko 19:30etan, J.C. Arriaga musika kontserbatorioan (Sarriko).
Bilboko kultur agendan erabat finkatuta dagoan programea da, jasoten dituan musika proposamenen kalidadeari eta uriko hainbat barrutitan eskaintzen dituan dobako kontzertuz osotutako eskaintza deszentralizatuari esker. Edizino honetan, emonaldiak zezeilaren 28tik martiaren 21era bitarteko bariku guztietan izango dira, arratsaldeko 19:30ean.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honen helburua, gehiengoarengana heltzen ez dan musika generoa uriko auzoetan zabaltzea da, holan entzule barriak sortzeko lana indartuz; horrezaz gan, 1991tik astero zuzeneko emonaldiak antolatzen dituan Bilbaína Jazz Club alkarte beteranoaren lana be bultzatu nahi da; eta, gainera, uriko auzoetako kultur programazinoaren kalidadea hobetu nahi da.
Jazz eszenako izar garrantzitsuak
Lehenengoa bariku honetan izango da, bost gazte espainiarrek eta portugesek osotutako The Wild Bunch taldearen eskutik. Jorge Rossy maisuaren Begues Jazz Camp izenekoan ezagutu eta alkarregaz joten hasi ziran, eta Espainiako jazz eszenako talde interesgarrienetakoa bilakatu dira.
Hurrengo barikuan, martiaren 7an, Bilbao Distrito Jazz zikloa Bidebarrietako liburutegira joango da, eta Dave Allen Trio taldearen emonaldia jasoko dau. Philadelphiako gazte hori, New Yorkeko gitarra eszenako jolerik garrantzitsuenetakoa da, eta aintzatespen handia lortu dau konposatzaile eta gitarrista legez.
Kontzertu ziklo horretako hirugarren hitzordua Petros Kamplanis kontrabaxu jotzaile greziarraren eskutik helduko da. Lider moduan argitaratu dauen lehen lana, Contextual, aurkeztuko dau martiaren 14an Errekaldeko Udaltegian eskainiko dauen errezitaldian. Beragaz batera John Hadfield bateriak eta Gilad Hekselman gitarrista israeldar bikainak joko dabe.
Kultura eta Hezkuntza sailetik bertoko jazz panoramea bultzatu nahi da. Hori dala eta, Noa Lur abeslari bilbotarrak emongo deutso amaierea egitarauari, Moisés Sánchez pianoan, Ander García kontrabaxuan eta Michael Olivera baterian lagun dituala. Martiaren 21ean izango da Otxarkoagako Udaltegian, eta Badakit, bere lehenengo diskoa, aurkeztuko dau. Lan horretan jazz standard handiak asmetan ditu barriro, bolero ukitu batzuk sartzen ditu eta pieza modernoen eta berak egindako lanen moldaketak eskaintzen ditu, diskoari izena emoten deutsona, besteak beste.
Aurreko edizinoetan legez, kontzertuetarako sarrerea librea eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte. Lekuak beteta dagozanean ezin izango da aretora sartu.
Bilboko Udal Liburutegi Sareak jazz grabazino eta liburu bilduma zabala dauka maileguan emoteko prest. Konsultau eizu katalogoa www.bilbao.net/bibliotecas helbidean. Gainera, erosi daitekezan lanen iradokizunak egin daitekez, bildumea eguneratzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!