Labayruk, Ikastolen Elkarteak eta Foru Aldundiak Urtesasoiak.com webgunea aurkeztu dabe Bilbon

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-02-25 14:51

Herri tradizinoen ganeko musika, kanta, bideo eta irudien bildumea da Urtesasoiak.com webgunea. 1990eko hamarkadan Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak sortutako materialaren dau oinarri atariak. Ohitura eta ospakizunak urtaroen arabera sailkatu ditue, Gabonak, Arastusteak, Udabarri-udea eta Udagoiena. Eduki guztiak lau hizkuntzatan dagoz, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Herri tradizinoen ganeko musika, kanta, bideo eta irudien bildumea da Urtesasoiak.com webgunea. 1990eko hamarkadan Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak sortutako materialaren dau oinarri atariak. Ohitura eta ospakizunak urtaroen arabera sailkatu ditue, Gabonak, Arastusteak, Udabarri-udea eta Udagoiena. Eduki guztiak lau hizkuntzatan dagoz, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Webgunearen aurkezpenean, besteak beste, Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputadua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendaria izan dira. Horrezaz gan, Etxepare Institutuko Mari Jose Olaziregi, Azkue Fundazinoko buru Iurdana Acasuso eta Bizkaiko Euskera zuzendari Ana de Castro be Bilboko Rekalde aretoan egindako ekitaldian izan dira.

Erakunde publiko eta pribaduen alkarlanaren garrantzia nabarmenduz hasi dau prentsaurrekoa Ariztondok. Izan be, Urtesasoiak.com Labayru Ikastegia, Ikastolen Elkartea, Etxepare Euskal Institua eta Azkue Fundazinoaren artean bultzatutako ekimena da.

Lau urte sasoietan dago banatuta webgunearen edukia: Oles eta oles (Gabonak), Hou Pitxo hou! (Aratusteak), Txulufrina eta arrosa (udabarri-udako jai-ospakizunak) eta Pinpirin eta Florian (udagoieneko ospakizunak). Gabonetako atala San Nikolas egunean hasten da, Marijesiak datoz gero, Gabonak, Inuzente eguna, Gabon Zahar eta Urtebarri, eta Erregenak. Herri kantak, tradizinoak, sasoiari lotutako zereginak eta Euskal Herriko bizimodua osotzen daben erritu, ohitura, sineskera eta abar jaso dira.

Webgune bat baino gehiago dala azpimarratu dau Ariztondok, jenteari edegi deutsagun plaza birtuala da. Euskal Herri osoko ohiturak eta ondarea ezagutzeko aukerea eskaintzen dau atariak.

Tellituk materialaren arlo pedagogikoa izan dau gogoan, gure kultur ondarean ezagutzeko balore handia dauka. Edukiak euskal curriculumean sartzeko oso baliagarriak dirala eretxi deutso. Kantak, ohiturak eta azalpenak lau hizkuntzatan emonda, edukion transmisinorako lagungarri izango dala uste dau. Seme-alabetatik gurasoetara transmitiduteko oso baliogarria izan daiteke, adierazo dau Ikastolen Elkarteko buruak.

Adolfo Arejitak proiektuaren jatorria azaldu dau. 1990eko hamarkadan hiru euskarritan (bideoa, liburua eta audioa) egindako materiala dau oinarri Urtesasoiak.com-ek. Ordukoa itxuraz barriztau egin dabe, eta lau hizkuntzatan sareratu. Eskaria egoala ikusten genduan, eta gaur egunera egokitu behar zala, sarean erabilteko, esaterako. Zazpi probintzietako edukiak dagoz, euskerearen lurralde guztietakoak.

Inauterien zikloko lehenengo ospakizuna Kandelario da, ostean datoz San Blas eta Santa Ageda, Basaratoste, Egun Zuri, eta inauteriak eurak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Nafarroakoak eta Zuberoako maskaradak. Udako zikloan, Erreginak, San Joan eguna, erromeriak, ezkontzak eta Zuberoako pastorala topauko doguz. Amaitzeko, udagoienari jagokon atalean be, makinatxu bat jai jaso ditue: ahozko literaturearen transmisinoa (kanta barregarriak, ume-kanak, baladak), bizimodu tradizionaleko lanak (artazuriketea, ikazkintzea, linuaren penak, ardaoa, txakolina eta sagardaoa) eta ehiztarien kontuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu