Overalp Pass-eko itsasargiak argituko dau X. Bilbao Mendi Film
2017-05-30 09:05 KultureaChristoph Jorda argazkilari alemaniarraren The Lighthouse da abenduaren 8tik 17ra egingo dan Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizinoko irudia.
Holan erabagi dau 3. CVCEPHOTO mendiko jardueren nazinoarteko argazkilaritza lehiaketako epaimahaiak, Donostiako Club Vasco de Camping Alkarteak antolatzen dauen lehiaketea. Hain zuzen, Donostiako Antzoki Zaharrean astegoienean egindako CVCEPHOTO sari banaketa ekitaldian bertan irudikatu eben saria emotea BMFF-eko zuzendari Jabier Baraiazarrak eta Christoph Jordak berak.
The Lighthouse argazkian munduan altuen dagoan itsasargia da ardatza. Suitzako Alpeetako Overalp Pass mendi lepoan 2.046 metrora dago kokatua, Rin ibaiaren jaiotza eremuan, eta ingurua sustatzeko eregi eben bertan. Europako ibai esanguratsua da Rin, nabigazinorako eta garraiorako erabiliena, eta Suitza, Liechtenstein, Austria, Alemania eta Frantzia kurutzatzen ditu Herbeheretan itsasoratu aurretik.
Holan aurkeztu dau The Lighthouse lana egileak berak: Suitzako alpeetan Alemaniako Salomon Freeski taldeagaz astebeko egonaldia egiteko aukera aparta izan neban. Zoritxarrez eguraldia oso txarra izan zan, eta edur jausi arriskua handia zan. Arazo hori konpondu beharra neukan, egoereari buelta emoteko sormena erabili behar neban. Eta kontrakotasunek onurak ekarten ditue zenbaitetan. Suitzako Oberalp Pass-en dago munduan altuen dagoan itsasargia, itsas mailatik 2.046 metrora. Rin ibaiaren iturburua dagoan lekuan eregi eben. Haren parekidea dan beste itsasargia Herbeheretan dago, Rin ibaia itsasoratzen daneko lekuan. Argazki hau lortu ahal izateko, sei lagunek egun oso bat behar izan genduan salto egiteko arranpla bat, lur hartzeko lekua eta abiadurea hartzekoa eregiteko.
Kontuak kontu, 3 Profoto B1 flasburu nituan, 2 itsasargiaren barruan, eta bestea haren atzealdean. Saltoa oso arriskutsua izan zan, haizeak indartsu joten ebalako eta ikusmena urria zalako. Eskiatzailea: Sebastian Scheck (22, Alemania); argazkia zelan lortu eban erakusteko bideoa hemen.
CVCEPHOTO 2017 Palmaresa
1.Saria, 1400€ eta Garaikurra, Iñigo Aristeguik propio egina: DREAM GREEN, David Wrangborg (Suedia).
2.Saria eta eta 600€: THE TOTEM, Krystle Wright, Australia.
3. Saria eta 300€: MAGIC ICE, Rainer Eder, Austria.
Bilbao Mendi Film Festival Kartela Saria eta 600€: THE LIGHTHOUSE, Christoph Jorda, Alemania.
Ohorezko beste 17 Aitamen emon ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!