Kulturea  III. urtea // 45. zenbakia

Ixiar Rozas: 'Begiradea zabaltzen laguntzen deuskun periferia sortzailean sinisten dogu'

Zer dala-eta sortu zenduen igaz Memorie Periferiche?

Hasi zanean ez genkian zer bihurtuko zan, gauzek zelan urtengo euskuen. John Berger Livornora konbidau gura izan genduan, berak portu-uri horregaz euki dauzan hartu-emonak dirala-eta. Haren baietza eta miresten genduzan beste egile batzuena ikusita, aurrera egitea erabagi genduan. Ikuskizunari baino gehiago edukinari garrantzia emoten deutsien kultur proposamenen faltea ikusten genduan, eta oraindino be ikusten dogu.

Zer adierazo gura dozue Periferiak izenagaz: mugako kulturea?

Periferia berbeak esangura asko ditu, sano kontzeptu zabala da. Hizkuntzan, geografian, politikan, kulturan, arrazan, sexuan egon leiteke periferia...; horreetako batzuk hartu doguz geugan, baina argi itxita kasu honetan gure aukerea periferia mentala dala, eta ez geografikoa, esate baterako. Periferia geografikoa, munduan baztertuta dagozanek osotzen dabena, tamalez, gaurko indar ekonomikoen ondorioa da. Badago Santiago Lopez Petit filosofoak erabilten dauan esaldi bat: "Bazterretik, baina ez marginalidadetik". Eta hori be geure egiten dogu, zeozelan esateko. Baina periferia geografikora be begiratzen dogu. Portua daukien urien berezitasunak bertan behar egiten daben egileen lanean eta proposamenetan be islatzen dira. Ez alperrik, igaz Livornora konbidau gura genduzan egileak aitatzen hasi ginanean, konturatu ginan gehienak portu-uri batekoak zirala edo hareetako bategaz hartu-emonak eukiezala: Bartzelona, Napoli, Marseilla, Bilbo, Livorno...

Ekimen zabala da: ez zarie artearen diziplina konkretu baten geratzen. Artearen alderdi guztiak auzitan ipintearren da hori?

Artearen diziplinak gero eta nahastuago dagoz. Pentsamentuaren arloan be, zezeilaren 25ean eta 27an BilbaoArten egingo diran bi topaketetan begirada desbardinak egongo dira: arkitektoak, antropologoak, filosofoak, soziologoak eta abar. Auzitan ipintea baino, bazterretik lanean dabilzan egileak eta artistak konbidau doguz. Bazterretik esaten dogunean, besteak beste, pentsamentu bakarraren kontra dabilzala esan gura dogu. Eta pentsamentu bakarra ez da bakarrik urrunean dagoan zeozer, amerikarrena edo eskuma bortitzarena. Uste baino hurrago daukagu: ingurura modu kritikoan begiratu ezkero errez ikusi leiteke gure egunerokotasunagaz zelan doan jaubetzen.

Poeman dinozuenez, memoriak, periferiak, sentimentuak aldarrikatu behar dira.

Ez geunke tristuraz begitu behar atzera: atzera begiratzeak akatsak ebitetan eta etorkizunean esperantza barriak eregiten lagundu leuskigue. Beste alde batetik, begiradea zabaltzen laguntzen deuskun periferia sortzaile horretan sinisten dogu. Eta sentimentuei jagokenean, hori norberaren lana da. Guk argi daukagu egiten gabilzan lanaren oinarrietako bat sentimentuak dirala.

Atxaga, Berger, Celati... Ekitaldi gitxik eukiko ditu holako konbidauak. Dana ez zan izango emoten dauan moduko erreza, ezta?

Dana da emoten dauana baino askoz be gatxagoa. Holako zeozer azpiegitura barik sortzea ez da lan makala...; baina bagenkian ur handitan sartzen gengozala. Dana dala, bidean jazo jakuzan gauza zoragarriak be hor dagoz, miresten genduzan egileakana era apalean hurreratzea eta, gero, eurakaz lortutako hartu-emon bereziak, segiduan ikusten dabelako ekitaldiaren atzean ez dagoala erakunde bat edo irabaziak atara gura dituan enpresa pribau bat. Giro berezia sortu zan Livornon, oso hartu-emon zuzenak egile guztiakaz, eta hori da, hain zuzen be, Bilbon lortu gura doguna.

Egitarauari begituta, solasaldiak, topaketak eta zubiak dira nagusienak. Zer eskaintzen dau bakotxak?

Kanpoko idazle bat eta bertokoa alkartuko dira solasaldietan. Topaketek, barriz, mahai-inguruen egiturea eukiko dabe: egile bakotxak guk proposautako gaiaren ganean azalpen bat emon ostean, eztabaida bat egongo da. Zubiak gaueko egitaraua da batez be, baina dana ez da gauez izango: domekan, 29an, itsasontziz ibiliko gara, eta umeentzako irudipuinak be egongo dira.

Webgunea be atondu dozue, sano itxura politekoa.

Bai, www.periferike.org webgunea autoprodukzinoa da, lau hizkuntzatan dago, eta atzean dokumentazino lan handia dago egitaraua eta egile guztiak modu zabalean aurkezteko. Igaz Livornon egileek emondako berbaldien laburpenak be badagoz, eta geuk egileei egindako alkarrizketenak be (alkarrizketa horreek liburu bihurtzeko aukerea dago). Eta dana Concetta Probanza marrazkilari urretxuarraren lanakaz atonduta.

Zu zeu artearen diziplina baten baino gehiagotan zabilz: literaturan, antzerkian, dokumentalean... Zeure ahotsa topau guran?

Norberaren ahotsa egunero-egunero topetan dala uste dot. Urte osoan be interesetan jatazan pelikulak, antzerki lanak, liburuak eta proposamenak irunsten dodaz. Periferiak hizkuntza desbardinetara hurreratzeko beste modu bat baino ez da, lagunakaz eta etorriko diran guztiakaz konpartidu gura doguna.

Julen Gabiria

Ixiar Rozas eta Dario Malventiren eskutik, igaz, Memorie Periferiche antolatu zan Italiako Livorno urian, Mediterraneoaren ertzean. Aurten, itsasotik itsasora, Bilbora etorriko da Periferiak ekitaldia, zezeilaren 23tik 29ra.

Periferiak definitzeko poema bat erabili beharko bageunke, euren webguneko poema hau izango litzateke aproposena:

Menpean gauzkaten kultura- ikuskizun formetatik ihes egin
dena auzitan jarri,
begiradak zabaldu,
desirak gizartekotu,
memoriak, periferiak eta sentimenduak aldarrikatu,
desberdintasunaren kulturan ikasi,
errealitateari heltzeko balio duen literaturan sinistu,
jabetza ez den kultura sortu,
... gaurko ametsak biharko errealitate izatea nahi dugulako