Kulturea  II. urtea // 38. zenbakia - 2003ko zemendiak 15

Durangoko Azokea ate joka

Gozetako aukerarik topetan ez dauenak, izango da ez dauelako gozau gura.

Julen Gabiria

Bajatorku abendua, duda barik euskal kulturearen hilerik beteena. Edo puztuena igual. Edozelan be, argitaletxe eta disketxeak, urteroko zita hur ikusita, aspaldi hasi dira motorrak berotzen. Udako geldialdiaren ostean, udagoienagaz batera labeetatik lehenengo frutuek urten dabe, apurka-apurka bidea leuntzen joateko, Durangoko tripakadea hainbestekoa be izan ez daiten.

Igazko Azokearen ezaugarri nabarmenena izen handien faltea izan bazan be, aurten ez da holakorik pasauko, hasiera-hasieratik argi ikusten da-eta nor izango dan 2003ko Durangoko Azokako izarra: Bernardo Atxaga, Pamiela argitaletxeagaz atarako dauen 'Soinujolearen semea' nobela mardulari esker. Atxagak jasoko ditu begirada eta aitamen guztiak, baina Azoka ez da Atxaga bakarrik izango.

Edozelan be, eta Durangora begira bizi garen arren, emoten dau (oraindino goiz da ziur esateko) kalidadezko obrak Durangon ez pilotzeko jokerea sortzen hasi dala, urteko beste aro batzuetan be argitaratuz, batez be udabarrian. Horren adibide da aurtengo kasua, autore ezagun askok plazaratu ditue-eta euren liburuak uda aurretik, kasu askotan obra ederrak plazaratu be. Horreen artean dagoz Xabier Montoia, Unai Elorriaga, Hasier Etxeberria, Karlos Linazasoro, Jokin Muñoz, Ramon Saizarbitoria edo Patxi Zubizarreta, batzuk baino ez aitatzearren. Eta esatea sobran ez dagoanez, urtean zehar argitaratutako liburu horreek be topauko doguz Durangon, nobedaderik beroenen artean.

Generoka hartuta, eta nobelatik hasita, Felipe Juaristiren Airezko emakumeak (Erein) liburuak Spinoza filosofoaren espiritua ekarriko deusku, Europako azken gizaldietako gertaera garrantzitsuenak (tartean Frantziako Iraultzea eta Holokaustoa) erakusteko. Durangon topauko dogun beste izen handi bat Edorta Jimenez mundakarra da, orain dala gitxi argitaratu dauen Kilkerren hotsak nobeleagaz Espainiako Gerrara salto eginda. Beste alde batetik, Karlos del Olmo idazle eta itzultzaileak Azken hugonotea (Hiria) aurkeztuko dau, eta Xabier Etxaniz Rojok Koadro isila (Erein). Horrezaz gainera, izen barriak eta gertutik segiduteko modukoak be agertuko jakuz azokako zurrunbiloan: Aitziber Etxeberria eta Gonzalo Etxague dira abots barri horreek. Lehenengoak Opera Prima saria lortu eban Tango urdina nobeleagaz, eta Ereinek argitaratuko dau bere estreinako liburu hori. Etxagueren kasuan be, antzera, Alberdaniak plazaratuko deutso Ahots bilduma lehenengo nobelea, zoroetxe baten kokatutakoa. Azkenik, ezin doguz aitatu barik itxi salmentetan punta-puntan egongo diran idazle bi: Jon Arretxek, urteroko zitari fidel, Manila konexioa nobela baltz ganberroa eskainiko deusku aurten, eta Jasone Osorok, barriz, Greta, iraganari lotuta egotearen gaia ukutzen dauena. Elkar argitaletxeak plazaratuko ditu biak.

Ipuinaren generoa, aurten, ez da larregi nabarmendu kantidadeagaitik: kalidadeari begiratuta, barriz, liburu interesgarriak heldu jakuz esku artera, gitxiegi baina. Eta Durangon agertuko dan uzta be ez da kantidadez handia: Josetxo Azkonak Zer den ez den (Alberdania) argitaratuko dau, eta Iñaki Irasizabalek Ezin joan (Hiria) ipuin-liburua. Beste alde batetik, eta hau be Hiria argitaletxearen babesean, J. Urdanga ezizeneko idazleak (argi dago nondik nora joango dan bere lana) Egutegi erotikoa kaleratuko dau, irakurlearen esku bakarreko gozamenerako.

Poesian be, uda pasauta, liburuak agertzen hasi dira orbela lez, eta horren adibide dira daborduko kalean dagozan bilduma batzuk: Elkar argitaletxeak Mikel Peruarenaren Eguraldiaz hizketan eta Jean Louis Davanten Harri txintxolak poemarioak argitaratu ditu orain dala gitxi. Susa argitaletxeak be, poesiak Euskal Herrian daukan lagunik onenak, bere aletxoak atara ditu: Juan Ramon Madariaga bilbotarraren zazpigarren liburua, Izozmendiak, liburudendetan topauko dozue Durangoko Azokaren zain egon barik. Beste alde batetik, Pako Aristik Libreta horiko poemak plazaratuko dau aitatutako argitaletxearen eskutik, baina interneten be badaukazue liburu horren bersino bitxi eta polit bat: Susaren webgunera sartu (http://www.susa-literatura.com/emailuak/libreta/) eta Aristiren libreta horia ikusi ahal izango dozue, orriz orri eta idazleak bere letraz hartutako ohar guztiakaz. Jatorrizko liburuaren fakzimil edizinoa, beraz, baina modu birtualean.

Eta ezin amaitu zerrendatxo hau ume eta gazteentzako literatura aitatu barik: sarritan disimuluan ibilten da genero hau, baina, halanda be, perla ederrak emoten deuskuz urtero-urtero. Danak ezin doguz hona ekarri, atal hau izaten da-eta danetan oparoena, baina esango dogu autoreen artean topauko doguzala Pello Añorga, Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Antton Kazabon, Anjel Lertxundi, Laida Martinez, Fernando Morillo, Jon Suarez, Juan Kruz Igerabide, Kirmen Uribe edo Joanes Urkixo, esate baterako. Gustu guztietarako eta irakurle guztientzako.