Antxina-barri  I. urtea // 13. zenbakia - 2002ko zemendiaren 1a

El Hach Mohamed el Bagdady, Jose Maria Murga edo Bizkaitar mairua


Hasikeran kolonialismoa aitatu dogu eta gure pertsonaiagaz zelan edo halan lotu. Ez alperrik. Haren lehenengo guraria lurralde eta gizarte ezezagunak ikustea eta aztertzea bazan be, bigarren bat be baeukan: bere herriari, Espainiari, lurralde hareen barri emotea. Kontua da Espainiak sasoi hareetan Marokon zituala begiak jarrita, Afrikan zabaltze inperialistea gauzatzeko. Gai horri jagokonez, 1859an gerrea egoan Marokon; geroago, Espainiak Kuba eta Filipinak galdu zituanean, barriro sartu zan lurralde haretara, hango aberastasunez jaubetzeko.

Haren bidaia eta liburua dirala-eta ezagutzen dogu gaur Murga, XIX. mendeko beste esploratzaile batzuen antzera; baina ona da jakitea ez egozala marokoarrak hain oker 'kristinauei' biderik zabaldu gura ez eutsenean. Geroak gura beste arrazoi emon eutsen behintzat.

IƱaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.

XIX. mendea erromantizismoaren eta kolonialismoaren sasoia izan zan Europan. Afrikaren gizaldia be bai. Dana doa lotuta neurri handi baten, eta dana afrikarren kalterako.

Jose Maria Murga erromantiko bat izan zan, hasieran afrikanistea eta kolonialismoaren bide zabaltzailea be bai.

Baina nor zan bizkaitar mairua legez ezaguna dogun pertsonaia historiko hau? Jaiotzaz bilbotarra zan, nahiz eta jatorriz markinarra izan, bertan euken eta daukie-eta murgatarrek Bidarte jauregia, euren sorrerako etxea.

Murga 1827an jaio zan, eta karrera militarra aukeratu eban handiki honek, bere anai batzuen antzean. Militarra zala, familia jokera liberalekoa zanez, Don Karlosen kontrako ekintza pare batean hartu eban parte lehenengo Karlistadan; baina bere biografoek dinoenez, benetako jardun militarra Krimeako gerran izan eban. Hara, gaur egun Ukrainia dan lurraldera, bolondres joan zan, ez dakigu Jerusalemen dagoan Jesusen jaiotza-askan frantziskotar frantsesek ipini eben zidarrezko izarraren alde edo kontra egiteko. Zidarrezko izarra Jesukristo jaio zan ustezko lekuan jartearen kontu hau izan zan, hain zuzen be, Errusia eta Frantzia, Ingalaterra eta Italiaren artean gerrea hasteko ipini zan atxakia.

Atxakia hutsa zala esan beharrik be ez dago, Mendebaldeko potentziek Errusiaren kontra egiteko beste arrazoi batzuk zituen eta. Kontua da ze Murgak Krimean Marokotik joandako buruzagi batzuk ezagutu zituala, eta ordutik bururatu jakola Marokora joatea. Baina Marokora joatea ez zan edozelako kontua, ze kristinauentzat galarazota egoan hori; ez bakarrik kristinauak ziralako, hango agintariek europarrak espioitza lanetan jardungo ebela uste ebelako baino.

Marokora joan aurretik arabierea ikasi eban Parisen eta marokoarrek berbakeran ezagutu ez eien hartu eban el Bagdady izena hain zuzen. Izen horrek bagdadiarra esan gura dau. El Hach titulua be erantsi eutson bere izenari, hau da, musulmanek bete behar daben aginduetako bat, Mekara joatea.

Honetara, Marokori buruz Europan ezagutzen zana irakurri ondorik, 1863an urten eban harantz, eta hiru urtean ibili zan lurralde horretan zehar. Gehiago be ibiliko zan gure bizkaitarra, baina amaren heriotzearen barri jakin ebanean, etxera bueltau beharra suertau jakon.

Hara joateko arrazoiak berak emoten ditu, eta ez dira besterik Europan ikustekoak eta jakitekoak ezagutzen zituala, eta gauza barriak eta ez ezagunak gura zituala.

Bidaiak ondo baino hobeto asetu eutsozan asmoak, lurralde hareetako kulturea, jentea eta paisajeen miresle bihurtzeraino.

Etxera heldu eta denpora gitxira Marokon ikusi eta ikasitakoak liburu baten argitaratu zituan. Liburu horretan azaltzen dau Murgak zein obserbadore ona zan eta zenbateraino sartu zan hain desbardina zan mundu haretan.

Gaztea eta familia onekoa izanda politikan sartzea be suertau jakon eta, esangura horretan, Bizkaiko diputadu nagusi izateraino be heldu zan 1870ean. Halan da be, urte bira kargua itxi eta 1876an Marokora bigarren ostera bat preparetan egoala Kadizen hil zan herrira bueltau aurretik, bihotzekoak bigarrenez jota.