Euskaldunok munduan  III. urtea // 89. zenbakia

Euskaldunek La Plata urian egindako bizimodua


Argentinan burugogorren, berbakoen eta behargin finen ospea be euki dabe euskaldunek. Antza danez, panpan igeltseruen berbeak indar handia eukan, nahikoa zan horregaz, izan be, Argentinan “palabra de vasco” esaten dabe. Dana dala, txanponaren alderdi bat da hori. Bestean, lapurrak, indioen hiltzaileak, dirua lortzeko edozer egiteko kapaz diranak, albokoa kontuan hartu barik gora egin dabenak…

Oraintsu liburu bat plazaratu dabe La Platako euskaldunen ganean: “Los vascos en la ciudad de La Plata, organizacion institucional y actividad social”. Cesar Arredondok eta Maria Elena Angionek idatzi dabe. Egileak historialariak dira eta Universidad Nacional de La Platako irakasleak dira, Argentinan. Liburua argitaratu aurretik ikerketa lanetan ibili dira. La Platako Eusko Etxeako lehen berrogeita hamar urteak izan dira ikertearen helburu nagusia. Casiano de Golzaraz kaputxinoaren beharra garrantzitsua izan zan urte hareetan guztietan, Eusko Etxeari jagokonez. Hasieran amesetako ideia izan zana, gitxika egia bihurtu zan: etxe bat euskaldunak batzeko. Kultura eta kirol arloetan hainbat eta hainbat ekitaldi egin ebezan. Abesbatza osotu eben, Euskal Herriko dantzak irakatsi eta dantzan egin, musean jokatu, euskal jaiak antolatu eta gozau…; Eusko Etxean zer egiten eben jakiteko Arredondok eta Angionek idaztietara jo dabe, baita Etxeko aktetara be. Eta hori dana biribildu ahal izan dabe La Platako euskaldunen gomutakaz.

La Platako Eusko Etxearen inguruan bizi ziran euskaldunen testigantzak be jaso dabez: Euskal Herriko egoerea da berbabide, politikea eta administrazinoa azpimarratuta; horrezaz gan, euskal emigrazinoa azaltzen da, hau da, euskaldunek Argentinara egindako biajea, askorentzat noranzko bakarrekoa izan zana. Halanda ze, La Platako euskaldunen testigantzak ondo horniduta dagoz ekarpen horreekaz, taula eta enparauakaz. Holako liburuakaz euskaldunon historia jazten doa, eta horregaz batera baita geure burua be.

Iratxe Ormatza

Euskaldunok aspaldi hasi ginan munduan barrena leku barrien bila, bizimodu barrien bila. Euskal Herriaren historian askok eta askok kanpora jo behar izan dabe, berton ez egoana topetako. Baserria zatitu ezin zanez, sarritan baserria herentziaz jasoten ez ebenak bizimodua atarateko kanpora joan behar izan eben. Horretariko hainbat Argentinara joan ziran, batez be, espainolak eta italiarrak. Argentina sano handia da, eta orain dala mende bat arte alderdi gehienean oso jente gitxi bizi zan. Gobernuak jente zuria gura eban, alderdi horreetarako eta holan joan ziran Europako hainbat alderditatik gizonak eta emakumeak itsasontziz Argentinara. Bizimodu hobea gura ebenek be Euskal Herria atzean itxi eben. Argentinara joan ziranen artean Iparragirre musikaria dago: bertakoen belarriak kantuakaz eta gitarreagaz gozau ebazan. Beragaz batera, beste asko joan ziran, eta han topau ebezan maitasuna eta bizimodu hobea. Horren lekuko dira Argentinan dagozan hamaikatxu Euskal Etxeak. Beharbada Argentina da euskaldunok batzeko ahalegin gehien egin dauan herria, izan be, Argentinan inon baino euskal etxe gehiago dagoz, baita euskaldun jatorriko persona gehien be; han hiru milioi eta erdi bizi dira; hau da, Euskal Herrian bertan baino gehiago. Argentinako presidenteen % 30 euskal abizendunak dira. Abizenen kontua ez da galdu dan zeozer. Gaur egun be, “Los vascos en Argentina” liburua barriro argitaratu baino lehen, Argentinan euskal abizenak daukiezan lagunen bila dabilz. Horretarako, hainbat gauza eskatzen deutsiez: abizena, Euskal Herriko zein herritatik joan ziran Argentinara, zein herritan bizi ziran Argentinan, lehenengo hurreratu ziranen ondorengoak non bizi diran, euren ogibidea, argazkiak, pasadizuak…