Kulturea  III. urtea // 84. zenbakia

Mobiduten bada, ez da eskultura bat


1963. urtean ekin eutson Davies gazteak artea egiteari. Pintureagaz hasi zan, eta hamar urte behar izan zituan eskultureagaz ausartzeko. “Surrealismotik edan eban hasieran. Urteakaz, barriz, figurazinoa eta errealismoari heldu, eta estilo berezia finkatzera heldu da; sano ingelesa da bera, eta bere obrea be holakoa da: guztiz humanistea”, esan eban Dempseyk. “Artisauen moduan egiten dot lan, denpora guztian nabil marrazkiak egiten, nire etxean, nire lanlekuan, beti ideiak finkatzen. Marrazkia denpora-pasarako da: momentu berean, gero eskultura bihurtuko dana preparetan nabil, eta, ganera, nire irudimena bizirik mantentzen dauan bitartekoa da”. Dana dala, Daviesek dino artistentzat garai ilunak dirala honeek: “artisteak ez dau bere lekua topetan. Artista modernoa azalekotasunerantz doa, gizartean persona ezagun bihurtzea edota dirua irabaztea bakarrik interesetan jako. Show business deituko neuke nik. Eta guzurra emoten badau be, hau da merezi dogun artea: gizarte modernoak bizi dauan materialismoaren emoitzea baino ez da”.

Sano artista interesgarria, ba, Bilboko Arte Eder Museoan dagoana. Eta gogoratu: mobiduten bada, ez da eskultura bat.

Julen Gabiria

Bilboko Arte Eder Museoak, John Davies (Cheshire, Erresuma Batua, 1946) artistearen obrea imini eban ikusgai urriaren 18an, “John Davies, eskulturak eta irudiak 1968tik” izenburupean. Bilbon bertan egongo da 2005eko urtarrilaren 23ra arte. Erresuma Batuko artisteari eskainitako lehenengo atzera begirakoa da hau, eta beraren karrerako azken 30 urteotako inportanteena dala be esan geinke. Guztira, gitxi gorabehera 250 eskultura eta 70 marrazki eta bozeto ikusteko aukerea dago aitatzen gabilzan erakusketan.

Erresuma Batuan, Favershamen hain zuzen be, dauka Daviesek lan egiteko lekua eta, artisteak bertan bizi dauan atmosferea erakutsi ahal izateko, 70eko hamarkadan egindako hainbeste obra eta bere azken lanetako batzuk ekarri dira Bilbora. Bertan ikusi geinkez, berbarako, poliester eta igeltsuz egindako tamaina guztietako obrak; giza eskulturak neurri errealean eta neurri guztietako giza buruak, erraldoiak eta txikiak, 80 eta 90eko hamarkadetakoak danak. Giza figuren artean, bere gurasoen eskultura bat dago, “Giza fantasmak” deitutakoa eta neurri naturalean eginda dagoana. Eskultura horretako figurak dantzan dabilz: ikusleak errealismo handiagoz bizi dagian ikusten dabilena, Daviesek dantzaleku bihurtu dau ingurua, figuren mobimentuaren eta ikusleen geldikortasunaren arteko kontrastea lortuz. Obra hau egiteko, bere gurasoei ataratako argazki baten oinarritu zan.

Hasieran, eskulturak bere irudian oinarrituta egiten hasi zan, bere ezaugarri fisikoak-eta jarraituz; gero, bere lagunen eta familiakoen irudiak be egiten hasi zan. Dana dala, John Daviesek sortutako giza eskultura guztiak ez dira beti persona ezagunenak, badira ezezagun bati egindako argazki baten oinarritutakoak edo hareen etxuraz gogoratzen dauanetik sortutakoak be. Neurri naturalean zein txikiagoan biluzik agertzen diran eskulturak be badagoz, Grezian egon ostean egindakoak edota zirkuagaz eta espektakuluagaz zerikusia daukien personenak, trapezioan edota kordeletik gora. Azken obretan eta bereziki azken hamabost urteotan, emakumeen eskulturak be egin ditu: hori bai, beti taldea osotzen, ez bakarrik; izan be, emakumeak ez dira lar elementu normalak bere obran, ze, beraren ustez, figura guztiak gizonezkoenak izateak teatralidade handiagoa emoten deutso. Beste obra batzuetan, “Eszenatoki-kutxa” izenekoan berbarako, txotxongiloakaz erlazionatutako figuratxoak ikusi geinkez, 60ko eta 70eko hamarkadetako absurdoaren antzerkitik hartutako jazoera existentzialak erakutsiz. Baina garai eta estilo askotako hainbeste obraren artean, bada Arte Eder Museoak igaz eskuratutako bat: “War memorial”. Libanoko gerraren harira, 1974-1979 urteen bitartean egindako eskultura errealistea da hori, hiru gizonek osotutakoa, Daviesen lanik esanguratsuenetakoa bera. Artistearen errealismoa ze puntutarainokoa dan erakusteko, erakusketako komisarioa dan Andrew Dempseyk zera esan dau: “Erakusketea antolatzen nenbilela, ez nekian oso ondo aldamenean niri begira nebana museoaren seguridadeaz arduratzen zan personea ete zan edo eskulturetako bat; horren ondorioz, araua hau finkatu genduan: mobitzen ziranak museoko langileak ziran, eta besteak Daviesen obrak. Halanda be, 'Gizon zaharra' eskulturea imini genduanean, haren betaurrekoak bere poltsikoan itxi genduzan, eta handik egun batzutara eskulturea betaurrekoak jantzita agertu zan. Inork ez daki zelan demontre heldu ziran betaurrekoak haren arpegira”.

Kezkaz betetako lan bizi eta ausartak dira Daviesenak: tentsino eta ikara egoerak erabilten ditu personearen arimea biluztu eta hari buruzko hausnarketea egiteko. Ikuslea estu eta larri sentiarazoko dauan giza figura handi eta kezkagarriak, urkatutako persona bat, jente torturatua... halanda ze, mutur batetik bestera eroaten ditu obrak: lasaitasunetik larritasunera. Eskultura askok aurpegia itxuraldatuta daukie, eta beste batzuk mozorroak daukiez, nortasuna izkutetako. Daviesen ustez, bizidunetan oinarritutako eskulturak egitea eta hareen aurpegiak irudikatzea ez da bape erraza, askotan aurpegi batek ez dinoalako ezer; “aurpegiak ez dau zertan arimearen islea izan; guzurretako informazinoa emon leikie. Horregaitik daukiez nire eskultura batzuek maskara moduko bat”. Halanda ze, arpegi askotan ikusi ahal izango doguz kandelak edota zigarroak, begien ordez.