Bertsotan  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

Bertso barriak, horma zaharroi jarriak

Xabier Amuriza


1
Bertso barri batzuek
behar ditut jarri
entzumenik daukenen
entretenigarri.
Katez loturik preso
gaitue ekarri
kantuz azalduko dot
espetxeko barri
inuzentzian inor
ez daiten etorri.

2
Espainian behera
han dago Zamora
basamortu hobarik
nunbait izango da.
Ez mendi ez itsaso
ez bedar ez lora
hementxe bizi behar
hainbeste denpora
hain maite dogun Euskal
Herritik kanpora.

3
Etxezar bat hemen da
itxuraz bikaina
goralduko neukena
gorroto dot baina.
Erdia zementu ta
erdia burdina
gizonak piztitzeko
apropos egina
hoba zan inpernura
erori bagina.

4
Ilunpe hontan bizi
gara erdi hilak
ondo itxita dagoz
ate ta zerrailak.
Inguruan polizi
ta goardi zibilak
batzuk pistolak eta
besteak fusilak
galtzeko arriskurik
ez dago, mutilak.

5
Kanpotik inpernura
dirudin kaiola
barrutik txarritoki
edo zerbait hola.
Jaten behintzat lujorik
ez dogu inola
tantaka zurrupatzen
dauskue odola
oraindik bizi gara
nik ez dakit nola.

6
Kartzelan sartu eta
lehenengo kolpian
zer ikusteko nintzan
asko ez nenkian.
Zerbait gordeta edo
neukan atxakian
eskua sartu eusten
gantzontzilopian
sekula inork ikutu
ez daustan tokian.

7
Goizean goiz ohetik
jagi egunero
ur salda zikin batez
gosaria gero.
Eguardian baba baltz
ta holako jenero
hemengo potajeak
probatu ezkero
bizkarrak gizentzerik
ez dogu espero.

8
Baba baltzak nasturik
harria eta arrez
hemen gabiz haginak
iruntsi beharrez.
Sabela putzez bete
besterik ezebez
gainera gerrikorik
ibiltzen itxi ez
prakai soinean eusten
ez daukagu errez.

9
Sabela hutsik eta
loturik mingaina
goitik behera zigorra
txakurrak baigina.
Hau da gertatu jakun
espetxe zikina
oraindino burutik
sano gagoz baina
badira motiboak
zoratzeko aina.

10
Nagusi bat daukagu
zirkuan hazita
pizti bildurgarria
aurrez ikusita.
Oraindino berbeta
ez dau ikasi-ta
uhuka hasten jaku
begiak itxita
orangutan garbia
trajea jantzita.

11
Lotsagarri da baina
sinestu hau, jaunak
ate barik daukaguz
hemengo komunak.
Testigu barik hortan
ohituta ginanak
agirian ein behar
ezkutuko lanak
erakutsi ditugu
dokumentu danak.

12
Deskuidoz inork ezer
egitera oker
kalabozo batean
sartzen dabe laster.
Hantxe hainbeste aste
nahizta barruak leher
ez ohe ta ez aulki
ez mahai ta ez ezer
arratoiak hobeto
dagoz mila bider.

13
Nahizta mila gizonek
izan gure kargu
Madrilera jo behar
ezer nahi badogu.
Handik, barriz, ezetza
aurretik dakigu
gorroto gaitue ta
zetako erregu
holakoxe piztien
eskuan gagoz gu.

14
Obispoak gurekin
ondo egon nahiez
noizbehin etortzen jakuz
baina gu joan ez.
Ia nazka gaitue
hainbeste folklorez
hoba hurrengo Apolon
astronauten ordez
betiko itargira
botako balebez.

15
Konkordatu zikin bat
hartuta atxakitzat
militarren eskuan
Elizaren giltzak.
Obispo jaunok horri
eusten gauza handitzat
gaiztoak ez badira
tentelak bai behintzat
edo biak batera
hobeto deritzat.

16
Bisita egunak ere
begira zer dian
amagaz egin behar
erdera garbian.
Gainera burdinazko
sare bi erdian
eta alkahuete bat
albotik goardian
burduntzia sartuko
neuskio ipurdian.

17
Ilunpean dagonak
maite dau argia
baita egarri danak
ere ur garbia.
Noizbait hausiko ahal da
gure buztarria
hazia sortzen danez
lurpean jarria
kartzelan erneko da
Euskadi barria.

Xabier Amuriza bertsolari apartaren sorta barria dakargu oraingoan be 'Bertsotan' atalera. Bizkaie!-ren 5. zenbakian, garagarrilaren lehenengo hamabostaldikoan, 'Euskal Herritik aparte' sortea sareratu genduan, eta oraingo hau haren jarraipena dala esan geinke. Amurizak abade zala 1968an hasitako kartzelaldian idatzitako bertsoak dira honeek be.

Aitatutako zenbakian kontau genduan egilearen biografia, eta gogoratu gura dauenak han begiratzea baino ez dauka. 'Enaz Banaz' (1999) liburu autobiografikotik atara dogu sorta hau, baina Xabierrek lehenengoz 'Menditik Mundura' (1977) liburuan argitaratu zituan, euskara batura egokituta. Sarrera moduan, kontu bi aitatuko doguz hemen: kartzelaldiaren gaiaren ingurukoa bata eta bizkaierearen ganekoa bestea. Gaiari jagokonez esan dogu sorta hau 'Euskal Herritik aparte' sortearen jarraipena dana. Haretan bost abaderen atxiloketea eta Burgosko judizioaren barri emoten dau Amurizak, sortea Zamorako kartzelara sartu ziranekoagaz amaituta. 'Bertso barriak, horma zaharroi jarriak' sortan, barriz, Zamorako kartzelan bizi izandakoak kontetan ditu: jatekoa, zeldea, komunak...e.a. 'Menditik Mundura' liburuan oharra gehitu eban Amurizak, kartzelako bertsoak ondo ulertzeko. Geroago preso politikoak egon badira be, zortzi urtetan Zamorako kartzelea 'kartzela konkordatuzkoa' izan zala azaltzen dau, hau da, abadeendako bakarrik eta abadeak aparte eukiteko egina. Orduko kartzela lagun asko abadegoa itxita dagozala esanez amaitzen dau oharra.

Bizkaiereari jagokonez, kontu interesgarririk ez da falta. Amurizak berak 'Enaz Banaz' liburuan ondoko hau dino: 'Bertso honeek, aurrekoak legez, bizkaieraz egin nituan, gero 'Menditik Mundura' liburuan batura egokiturik argitaratu baziran be. Geroztik, jente aurrean kantatu izan dodazanean be, bertsino egokituan emon dodaz, baina uste dot horretan oker egin nebala edo gitxienez ez neukala bertsino originala, orduan niretzat ohikoa zana, ezetara egokitu beharrik.' Gaur egun bat-batean be bizkaieraz egiten badabe askok, Amurizaren beraren eraginez izan da. 'Menditik Mundura' liburura joan gara eta 'Euskal Herritik aparte' sortea bizkaieraz topau dogu, haren esanetan oso gatxa dalako euskera batura egokitzea bertso batzuk berregin edo asko aldatu barik. Zamorakoetan, barriz, behar hori hartu eban eta adibide moduan 14. bertsoaren amaierea jarriko dogu. Orduan '...hobe hurren ontzian / astronautan ordez / hilargira botako / balituzte trabes” idatzi eban eta orain “hoba hurrengo Apolon / astronauten ordez / betiko itargira / botako balebez'. Ez dago esan beharrik zein dan jatorrizkoa, naturalena.

Sortan erabilitako doinua 'Espainian behera' izenagaz ezagutzen dogu, eta plazetan zein txapelketetan asko erabilten da hamarreko txikiko doinu hau. Kuriosidade moduan, 2001eko Txapelketa Nagusian gehien erabili zan doinua da, 18 aldiz hain zuzen be.

Iñaki Aurrekoetxea