Zinea  III. urtea // 72. zenbakia

Woody Allen Donostiako Zinemaldian


Gaur gaurkoz Londresen filmatzen diharduan Woody Allenek orain dala gitxi adierazo dauanez: “Ohore handia da niretzat Donostiako Zinemaldira joatea. Uriak liluratu egin ginduzan nire familia eta ni bertan izan ginan azken aldian eta oraingoan be ederto pasatuko dogulakoa daukagu”.

Mikel Olaziregi Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren zuzendariak esan dauanez: “Sekulako ohorea da, egia bihurtutako ametsa, gure zinemaldiari "`Melinda and Melinda´ filmaren première-aren bitartez ekitea, eta Woody Allen bera bertan dagoala, duda barik historiako zine zuzendari handienetako bat”.

Bizkaie!

“Melinda and Melinda” filmaren mundu mailako estreinaldiak, Woody Allenen pelikula barriak, Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren 52. edizinoari hasikerea emongo deutso 2004ko irailaren 17an.

Ganera, Woody Allen Donostian izango da, jaialdi honek zinema moderno eta barritzaileko funtsezko zinegile modura opetsiko deutson omenaldia jasoteko.

Zinemaldiak, era berean, Allenen zine lan guztien atzera begirakoa programau dau, bere ibilbideari 1966an idazle, zuzendari zein aktore modura ekin eutsonetik “Melinda and Melinda” bere azken filma egin dauan arte.

”Melinda and Melinda” pelikuleak komedia erromantikoa eta drama buztartzen dauz, Woody Allen zinemagile imitaezinak horren gustoko dauzen kontrasteak agirian ipiniz. Manhattanen girotua, filmak krisialdi pare bat deskribatzen dauz, Chiwetel Ejiofor, Will Ferrell, Jonny Lee Miller, Radha Mitchell, Amanda Peet, Chloë Sevigny eta Wallace Shawn aktoreen talentu alai eta serioak askatuz. Allenen hondar gai guztiak azaltzen dira: maitasunaren hauskortasuna, ezkontzako desleialtasuna, amodio sofistikatua, komunikatzeko ezgaitasuna. Filmeko personaia batek dinoan lez: “Lur jota dago, etsita dago, bere burua hiltzeko zorian dago. Hau da komeria”.