Zinea  III. urtea // 70. zenbakia

Monsieur Ibrahim et les fleurs du Coran


60ko hamarkadako hasikeran, Parisen, Mendebaldeko Europan legez, bizitasun ikaragarria egoan. Dan-dana aldatzen ebilen eta uria kultur eta gizarte aldaketak agintzen ebazan energiaz bete zan.

Testuinguru honetan, behargin xumeen klaseko auzo baten, judu gazte batek, Momok (Pierre Boulanger), eta musulman zahar batek, Ibrahimek (Omar Sharif), ezagutuko dabe alkar. Momo umezurtzearen lagun bakarrak kaleko prostitutak dira, ondo be ondo esaten deutsienak eta “benetako maitasunagaz” tratetan dabenak. Momok jateko eta edatekoak erosten ditu Ibrahim jaun isil eta misteriotsuaren dendan; Ibrahimek gaztearen lagunik onena izatea lortuko dau eta alkarregaz euren bizimodua goitik behera aldatuko dauan ibilbide bati oratuko deutse.

Pelikula honek sano kritika onak euki dauz eta Veneziako zinemaldian, kasu baterako, ikus-entzuleen saria jaso eban; guztiagaz be, gazte bat helduen bizitza munduan sartzeko erritoaren barri emoten deuskun film honetan badago behin baino gehiagotan igarriko dozuen hutsunea: erritmo faltea. Izan be, filmaren egituraketea ona, alkarrizketak interesgarriak, girotze lana izugarria eta antzezleen jarduna bikaina izan arren, batzuetan bizitasun apur bat gehiago behar dauala emoten dau. Ahor pelikula honen akatsik agirikoena.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: François Dupeyron.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 95 minutu.
- Antzezleak: Omar Sharif (Ibrahim jauna), Pierre Boulanger (Momo), Gilbert Melki (Momoren aita), Isabelle Renauld (Momoren ama), Lola Naymark (Myriam), Anne Suarez (Sylvie), Mata Gabin (Fatou), Céline Samie (Eva), Isabelle Adjani, Eric Caravaca (Momo heldua).
- Gidoia: François Dupeyron; Eric Emmanuel Schmitt-en nobelan oinarritua.