Aspaldi probau barik eta...

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-02-07 14:45

Sarri akordau nintzan atzo Bertsolari filman egiten dan azalpenagaz: bertsoa kantetea labarraren ertzean ibiltea langoa da. Labarrean behera ez egitea lortu neban atzo, baina bardin-bardin izan eitekean kontrakoa, hori bere badakit, ondo jakin bere.

Aspaldi nengoan probau bere egin barik, eta atzera bere egin neban atzo. Bai, tirozu, oso-oso lantzean, bai, egin izan dot, beste urtenbiderik euki ez dodanean. Baia, halan, segidan eta luze (ez eta luzaroan bere) ez. Ez dakit unibersidade baten bertsolaritzea zer dan azaltzeko saio batek edo auzo bateko saio bakar batek ibili izan nazana justifiketako balio dauen, baia neure buruak egin izan ez dodala dino, lantzean-lantzean egindako inmersino txiki horreek ez daukiela-ta baliorik (momentukoa baino), kontua astero-astero eskolara joatea dala, auzolanean ibiltea, eta pringetea.

Gura ez dauelako! esan eban lagunak atzo; zer erantzun: bada, ikuspegi kontua dala dana, ez dala gura izatea edo ez izatea, lehentasun kontua baino. Baia... beste kontu bat da hori, eta kontuak kontu, kontua da ze, kontu batek bestea dakarrela eta atzo, ia konturatu bere egin barik, probau ez eze lepo akabau nebala. Atzera probau neban zer dan paperean sartu, kontzentrau, jentaurrean mikro ostean gorde, gaia entzun, ondokoagaz doinua adostu, akabukoa pentsau, errima bat, bi eta salto, garaitiko dana etorri ahala kantauta.

Ondo antzean urten zan esperimentua: akabu-akabuan ezik (hor bai, hor igarri neban deja vu bat, batetik; eta epe-motzeko lanketa faltea, bestetik; bakarkako gaien sormen-lan hutserako nagia eta lau errimatik gora... gatx, hirugarrenik; eta, azkenik, zer esanik ez: mailak eta mailak dagozala, eta primerako dinosauroen mailara ez garela egundo ailegauko). Esan dagidan, neure burua zurituteko baimena hartuta, orain eskuartean darabildan lanak sormena zurrupatzen deustan sensazinoa daukadala: bertsoa ez dan beste diziplina bateko historia garaikidea eregiteko piezak lantzeak lapurtzen deustaz fikzino-istorio errimatuetarako eszenak sortzeko indarrak. Hori halantxe da edo halan sentiduten dot.

Sarri akordau nintzan atzo Bertsolari filman egiten dan azalpenagaz: bertsoa kantetea labarraren ertzean ibiltea langoa da. Labarrean behera ez egitea lortu neban atzo, baina bardin-bardin izan eitekean kontrakoa, hori bere badakit, ondo jakin bere. Ez daukat akorduan sufridu nebanik, alderantziz, atzokoaz hauxe daukat gogoan: lagunen arpegierak, lasaitasunezkoak eta aprobazino-keinuak egitekoak, aspaldiko entzuleen begiradak (eta konplizidadea eta batzuen sinismena bere bai), jentearen animoak eta aupadak, eta txaloak, eta beroa, eta indarra. Eta harridura bere bai, harridura-berbak eta arpegiak bere akorduan daukadaz; bada, sinistu egidazue: neu bere harrituta nengoan, ez uste, igartuago espero neban neure burua.

Orain bestelako lurraldeetara bueltau behar dot atzera (behar edo... lehen esan legez, ez da behar edo gura izate kontua, lehentasun kontua baino); bertso-sormenetik harago noa barriz tarte baterako, probau bere egin barik egongo naz atzera bere denporaldi baten. Baia atzokoa bizi eta gero, eta gauzak holan dirala, halango giroan beti bere, lagun giroan, aspaldiko bertsokide zein kantukide barri eta hasibarrien artera (geu bere hasibarri izan ginala ez daukat ahazteko), presino barik, entzulea ez beste epaile barik, bueltauko naz, zalantza barik. Eta, honenbestez, entzuleai, bertso-kideai eta poza agertu eben danai: eskerrik asko barriz beso-zabalik hartzeagaitik!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu