Animaliak euskal sinbologian (IX): oiloak eta oilarra

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-01-16 16:49   Euskerea berbagai

Zer siniste, ohitura eta esakune daukaguz oilo-oilarren inguruan? Aikor batzuk:

Alde batetik, oilalokak txitatzen dituan arrautza kopuruak bakoitia izan behar dauen sinestea zabal-zabala izan da beti gurean. Beste alde batetik, sasoi baten emeak gurago izaten zirala eta, oilalokari arrautzak ipinten jakozanean, hainbat erritu egiten ziran. Ilbarria danetik bi edo hiru egunetara ipini ezkero arrautzak berotuten, jaioko diran txitxa gehienak emeak izango dirala da ustea; Ilbeheran egin ezkero, ostera, gehienak arrak izaten ei dira; eta, ilbarria edo ilbetea dan egun berean ipinten badira arrautzak berotuten, txitxa hanka-oker edo begi-okerrak jaioten dira.

Oiloa begizkoaren inguruko sinisteetan bere agiri da, eta begizkoa dagoala sinisten dabenek, oilo lumakaz egindako burkoak erre egiten ditue bidegurutze baten; begizkoa badago, oilarraren irudia edo formea agertuten ei da burkoan.

Oiloa emaztearen irudiagaz lotu izan da. Argi ikusten da, berbarako, esakuneotan: Oiloak oilarrari errespetu; Oilo ebiltari, axeriaren janari; Oilarra hor delarik oiloak ez du kanturik; Oiloa eta emaztea galtzen dira etxetik urruntzen direnean.

Etxeko animalia da oiloa, etxean egiten dau habia. Askotan, kanpokoa hobea dala uste dau etxekoak, baia ez da benetan halan izaten: Inoren oiloak gureak baino arraultz gehiago; Kokoroxka auzoko oiloa entzun eta uste dugu bi arraultze egin dituela; berdin ostiko bat du oilo horrek hartua.

Elikagai estimatua izan da beti oiloa, bai eta oilo-saldea bere: Filosofia baino hobea da oilo-zopea; Hil eta gero oilo-saldea; Hobe duk azasopa adiskidearekin, ezik ez oilosalda onerizten ez hainarekin.

Oilarrakaz lotutako sinisteak bere badagoz: oilarrak desorduan kantetan badau, barri txarrak dakarzela esaten da. Leku batzutan, marti-oilarrak goizeko orduetan kantau ezkero, oilarra bera akatu egin behar dala dinoe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu