Liburuaren orrialdeak norberak mozteaz, Artze eta Calvino

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-01-09 17:42 Itaun hauxe egiten deutso, beste batzuen artean, Kizkitza Larretxea kazetariak Joxean Artzeri, poetearen azken poema-liburuen argitalpenaren harira: Intonso izeneko teknikea erabili dozu. Zer da hori? Zergaitik egin nahi izan dozu holan? Holan erantzuten deutso Joxean Artzek: Ez da teknika bat, liburuaren orriak giliotinaren ahotik ez pasetea baino. Giliotinak liburua kaxa bihurtzen dau. Liburuko orriak irakurle bakotxak berak mozteak personalizau egiten dau liburua, lana eta misterio pixka bat jarten deutso. Beste kasuetan, liburua hartzeagaz eta edegiteagaz nahikoa izaten da irakurten hasteko. Kasu honetan, ostera, ez. Irakurle bakotxak bere erara ebagiko dau eta bere nahiaren arabera aurrera joango da liburuan. Misterio txiki horrek, nik uste, politago, goxoago eta batez be norberarenago egiten dauela liburua. Idatzi neban lehenengo liburutik jagokon garrantzia emon izan deutsat papelari. Ez dot erabili gainean idazteko morroi moduan bakarrik. Egun batzuk pasauta topau dot Italo Calvinok Se una notte d’inverno un viaggatore eleberrian (1979) gaiari buruz egiten dauen gogoetea. Italieratik ekarri dot euskerara, eta bizkaierara, espainolezko bersinoa be konsultauta, gustukoa izango dozuelakoan:

Gutun-edegitekoa erabilteak gordeten dituan plazerak ukimenari, entzumenari, ikusmenari eta, batez bere, gogoari jagokoz. Irakurketan aurrera egin aurretik, liburuaren materialidade solidoa zeharkatzen dauen keinu bat gertatzen da, bere sustantzia gorpuzbakora heltzea ahalbidetzen dauena.

Orrialdeen artetik azpialdetik sartuta, agoa goraka oldartzen da eta epai bertikala zabaltzen dau, ehunakaz banaka estropezu egiten dauen eta segatu egiten dituan ebaki-segida errezean -txinparta-hots alai eta lagun batean, papelak lehenengo bisitaria hartzen dau, haizeak edo begiradeak mobiduta orrialde-itzuli zenbakatxak iragarten dituana-; erresistentzia handiagoa ipinten dau aurrez aurre tolesdura horizontalak, batez bere bikotxa danean, alderantzizko ekintza ez-zalua eskatzen dauelako-, orduan soinua urradura itogarria da, nota goibelagokoa.

Orrialdeen marjina ehundura haritsua agertuz ebagiten da; bertatik apartetan da txirbil fina -“izur” izenekoa- ikustatsegina, hondartza-lerroan olatuaren bitsa bezainbat. Ezpata-agoaren bidez orrialde-hesian bide egin izana bat dator berbak gordeten eta ostentzen dauen pentsamenduagaz: irakurketan sartzen zara, baso sarri batean legetxe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu