Atzokoa

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2011-05-20 15:11 Ekitaldi polita izan genduan atzo Zamudion. Umeak olgetan, taloa eta sagardoa zain eta hautagaiak arpegia emoten. Atzokoari mitina deitutea lartxu esatea izan leiteke. Alkateak eta Foru Diputaduak esan ebena bezain inportantea izan zan uritarrekaz berba egiteko izan genduan aukerea. Ez dot pentsetan nik jenteak politikea gorrotatzen dauenik, nahiz eta inkestek kontrakoa esan. Sorpresa ederrak hartu dodaz kanpainan zehar Zamudioko biztanleek euren herriaren ganean daukien ardurea ikustean. Modu onean edo gogorrean, jente askok eskertzen dau egindako lana, kritikau egiten ditu egindako akatsak edo gauzak beste era batera egin leitekezala adierazoten dau. Bakotxak gure proposamenak egin doguz. Orain jentearen txandea da. Urnek, hau da, jentearen botuek bakotxa geure lekuan iminiko gaitue. Oihu mediatikoek euren benetako indarra hartuko dabe Domeka honetan. Eta Astelehenetik aurrera aukeratutakoen txandea da: eurei jagoke herriaren alde behar egitea. '15-M' dalako mugimenduari buruz gauza pare bat esan nahiko neukez: alde batetik, porrot egin dauen Espainiako eredu ekonomikoaren isladea dala uste dot.  Espainiak etorkizun ekonomiko iluna dauka. Urteetan puztutako burbuilak hondamendira eroan dau Estadu espainiarra. Langabezian dagozan askok ez dabe lanik topauko denpora luzean. Ez gaitezan harritu jente piloa kanpora joaten ez bada lan bila Espainiako etorkizun faltea ikusita. Bestaldetik, harrituten naz protestek gurean izan daben isladeagaz, kontuan hartuta, batez be, zelango erreibindikazinoak plazaratu diran eta kontuan hartuta, bestalde, gure egoera ekonomikoa ez dala Espainiakoa bezain larria. Eskatuten da, besteak beste, Estadu osoan zirkunskripzino bakarra eta inputautakoak hauteskunde zerrendatan sartu ezin izatea. Slogan modura ez dagoz txarto, baina Estadu honetan nazio bat baino gehiago dagozala uste dogunok ez dogu pentsetan lurraldeek pisua galdu behar dabenik Estaduaren mesedetan. Bigarrenari jagokonez, ez dogu ahaztu behar inputatua ez dala erruduna epaitua izan arte. Eta inputatuei jagokenez, oker ez banago, Ibarretxe eta Otegi lako pertsonaiak zerrendatan egon izan ziran inputatuak baziran be. Inputazinoen artean bereizketak egiten hasiko gara? Eta epaitegietako espektakuluak ikusita euren eskuetan laga gure dogu hautagaiak zerrendetatik atarateko eskumena? Ez dakit ba... Edozelan be, ikusi beharko da zer dagoan mugimendu horren atzean. Protesta egitea komenigarria izan leiteke barruak eskatuten dauenean, baina ez daigun ahaztu protesta egiteaz ganera, jentearen babesa lortu behar dala zeozeren alde, eta jarraian gauzak aldatzeko kolektibo lana egin. Ezin dot ulertu alkarteetan, alderdietan edota sindikatuetan parte gura ez izatea eta kalera urtetea dana pikutara joan behar dala esanaz. Beste era batera esanda: protesta egiteaz ganera, lan luze eta nekosoa egin behar izaten da egoerea aldatu ahal izateko. Arpegia emon barik ez dago ezer aldatzerik, baina arpegia emonda be, sarritan lortuten dana arpegia urratuta ataratea besterik ez da izaten. Eta ez dakit protestaka dabilzanak hori egiteko prest badagozan. Gure herrietan debalde beharrean dabilzan asko badagoz...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu