Urtxuegia kasua argitu daitela

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2011-03-09 13:41   Musikea Arreta handiz irakurri dot “Urtxuegia kasua” dalakoaren ganean idatzi dana. Eskandalu politikoak eguneroko ogi bihurtu dira (edo bihurtu dabez) azken bolada honetan gurean. Ni ez naz ez hasarretu, ez eskandalizau, ez gogaitu halango jazoereak jakiten dodazanean. Diru publikoak kudeatzen dirazanean beti egongo da arriskua. Tentagarria da diru piloa norberaren aurretik pasetan ikustea. Ezein sistema politikotan egongo dira ustelkeriak, okerreko poltsikotan sartzen dirazan eskuak eta norberana eta danona nahasteko tentazinoa. Demokraziak badauka ganerako sistemen ganeko abantaila argia: gardentasuna. Uritarrok ustelkeri kasu piloa ezagutzeko aukerea daukagu eta, ganera, epaile lana egiteko aukerea dogu. Epaileek euren lana egiten dabe (zelan egiten daben beste era bateko debatea da) baina guk geuk be epaituten dogu urnatan ustezko kasuak adierazgarriak diran edota zabor mediatiko hutsa. Ez naz jantzia Zuzenbide kontuetan eta ez dakit nik haren jokabidea zigortzeko modukoa dan ala ez, baina Lasarteko alkatesa ohiaren jokabidean badagoz kontuan hartu beharrekorik. Agintari sozialistek adierazo dabe Urtxuegiak badaukala bere dirua gura dauen moduan gastetako eskubidea. Jakina badaukala. Baina hori halan bada, ez dakit nik miloe bat metru koadro erosteak logikea daukan “alkondarabakoen” alderdian. Bere lur zatiak handiak ala txikiak dirazan Nikaraguako errealidadean ez dakit nik, baina ikuspuntu guztietatik horreek lurrok latifundioa osotzen dabe. Bertokoei beharra emoteko erabiliko ditu lurrak ala bere gozamen partikularrerako? Azken hau ez da oso aurrerakoia, nire eretxiz. Honez ganera, ez dakit ba... Urtxuegia diru publikoak kobretan egon izan da urteetan. Jakinarazo dirazan informazinoen arabera, urtean hiru hilebete baino gehiago emoten ei ebazan Urtxuegiak Nikaraguan. Nik pentsetan neban alkateak euren herrien zerbitzurako egon behar dirala eta ez Ozeanoaren bestaldean. Oporretan danok daukagu gura dogun lekura joateko eskubidea, baina egia bada horrenbeste denpora emoten ebala Somoton ez dot pentsetan nik Urtxuegiak Lasarteko herriari merezidu dauen dedikazinoa eskainiko eutsonik. Izaera indartsua ei dauka Ana Urtxuegiak. Milagros Garcia Crespo sozialisteak halaxe jakinerazo eban irratitik lehengo egunean. Hori eta gehiago baieztatu neban orain denporea Somoton grabau ziran irudiak Youtuben ikustean. Indartsua baino erasokorra iruditu jatan. Ez neuke gura halango personearen amorrua sufridutea. Baina izaera indartsua izatea ez da delitu. Noticias taldeak jakinarazo dauenaren arabera, ez egoan kontrolik Hirugarren Munduari lagunduteko emoten ziran diruen ganean. Eta kontrolik ez badago, gardentasuna be kontrolagaz batera desagertuten da. Gardentasun falta hutsa ez da delitu, baina ikerketea ezinbestekoa da. Arazoa gardentasun faltea bada, diru kudeaketea behar dan modura egin daiten. Delitua balego, ustelkeria garbitu eta errudunak zigortu deiezala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu