Karlisten erasoa Bilbo uriari 1835. urtean

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-07-20 08:09   Antxinakoak Geurera

Orain 188 urte Bizkaian Lehenengo Guda Karlistearen testuinguruan.

Zumalakarregik gidatutako tropa karlistak ahalegindu ziran Bilbo bereganatzen indarraren bidez. Erasoaldi hori Lehenengo Guda Karlistan jazo zan. Jakina danez, Gerra Karlistea 1833an hasi zan Fernando VII.aren heriotzearen ondoren Isabelek aita ordezkatu ebanean errege moduan. Holan, Isabel II.aren erregealdia hasi zan. Isabel umea izanda Maria Kristina erregeordea edo errejenta bihurtu zan. Isabel II. tronura heldu zan, aitak, Fernando VII.ak urte batzuk lehenago Berrespen Pragmatikoa aurrera eroan ebalako, beti be ikusirik ez ebala semerik izango. Neurri horri esker, Espainiako erregetzara bere alabea heldu ahal zan. Karlos Maria Isidro, hildako erregearen anaia, neurri horren kontra azaldu zan hasieratik eta Espainiako erregetzea eskatu eban. Bere helburu politikoak lortu ez zituanez, bere aldeko monarkiko sutsuak altzau ziran, Lehenengo Gerra karlistea hasiz.

Euskal Herrian karlisten pentsamendua eta idea politikoak berehala zabaldu ziran; gure herriak tradizinoaren eta erlijinoaren aldeko jarrerak zituelako. Ganera, karlismoak tradizinoaren alde egiteaz gan absolutismoaren zutabe gehienak defendiduten zituen, baita foruak be. Horrek eta erlijinoaren aldeko jarrera sutsuak euskaldun asko konbentzidu zituan Karlosen alde burrukan egiteko. Isabelen lagunak liberalismoaren alde egozan, hau da, Europan garai haretan Estadu gehienetan ezartzen joiazan sistema politiko barriaren alde.

Gauzak holan dirala, 1833ko urriaren 6an, Fernando VII.a hil eta egun batzuetara Karlos Maria de Isidro Errioxara heldu zan eta horrek gerrearen hasierea eragin eban. Euskal herrialdeek uriburu eta uri nagusiak kenduta karlismoari babes handia eskaini eutsen. Berehala karlistek Bizkaiko herri gehienak bereganatu zituen Bilbo eta beste herri handi batzuk kenduta. Uriburuetako biztanle gehienek, merkatari, liberal eta kapitalista asko egoan eta horreek indar handia eben udalerrietako gizartean, isabelinoen alde egin eben sistema eraldatu nahi ebelako eta tradizinoari eutsiz landa munduko jauntxoen politiken kontra egin ebelako.

Bilboren setioa

1835ean Karlosek Bilbo erasotzeko agindua emon eban. Zumalakarregi jeneralak, Euskal Herriko txoko gehienak konkistau ostean edo behintzat bere kontrolpean geratu eta gero, pentsetan eban Gasteiz hartzea zala aukerarik onena eta gero Madrilerantz jotea baina azkenean obedidu eban Karlosen agindua eta Bilborantza jo eban tropakaz. Bagilaren 13an setioa hasi zan. Karlistek Deusto eta Abando herriak okupau zituen eta hori egin bezain laster Bilbo setietan hasi ziran. Bilbo defendiduten eben liberalek defensa ona egin eben. Karlistak artilleriaren bidez eraso indartsuak egin zituen, baina liberalek ondo erantzun eutsen eta karlista asko hil ziran liberalen batería ugariren erasoen erruz. Bagilaren 15ean Zumalakarregi Begoñan egoala bere tropen erasoa urrunetik begiratuten, liberal batek tiro egindako bala batek hankan eman eutson eta tiro horren eraginez egun batzuk geroago hil egin zan.

Karlistentzako kolpe gogorra izan zan, zinez; Tomas Zumalakarregi jeneralak lurralde asko konkistau zitualako eta azken honen heriotzearen ondorioz, karlisten adoreak eta moralak behera egin eben. Halan da be, Karlosek bagilaren 16an Bilboko erdigunea bonbardeatzeko agindua emon eta azken honen aldekoek holan egin eben. Ondorengo egunetan Karlosen jarraitzaileek Bilboko etxeak, eleizak eta kaleak bonbardeatzen jarraitu eben gero eta modu gogorragoan. Dana dala, isabelinoen tropak Bilbora hurrreratu ziran bilbotarrei laguntzeko asmoz. Ondorioz, bagilaren 30ean tropa liberalak Bilbora heldu ziranean, karlistek setioa bertan behera itxi eta Bilboko inguruetatik iges egin eben. Handik urtebetera karlistak berriro saiatu ziran Bilbo bereganatzen, baina alperrik izan zan barriro be liberalen defensa adoretsuari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu