Larrosearen petaloak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-05-22 17:15

Ezagutzen dot jentea maitasunagaz hartu-emon oso eskasak dituana.

Ezagutzen dodaz egunak negar-muzinka igaroten dituenak, umorea eta biziteko pasinoa betiko desagertu jakenak, existentzia bitan erdibituta topau dabenak. Badagoz telefonoak gaur joten ez badau, hil egingo dirala uste dabenak; bizia emongo leukienak halanda be, maite zaitut entzutearren; euren oinazearen neurria garrasi baten botako baleukie, harriak eurak be txikitzeko gauza izango litzatekezanak.

Ez eustazue hori zelan dakidan itaundu.

Badagoz San Valentin eguna gibela erretzeraino higuingarri jakenak, ezkontza bat jasateko kapaz ez diranak, begiradea okertzen dabenak bikote bat mosuka ikustean, bazkaltzen dagoan sendiaren asperdurea desiragarri bihurtu jakenak, urte askotako ezkonkideak kalean barrena alkarregaz doazelako bekaizti ibilten diranak, euren erraietan egundo parkamenik tatarrena be onartzea lagako ez deutsien kamusadeak zapaldu zituenak.

Ez galdetu zelan dakidan.

Badagoz ha ezagutu ez baneu pentsatuz ha ezagutu bako bizitzarik irudikatu ezin dabenak; laztantzen baldin badozuz, ikaratu egiten diranak; tefelonoa emoteari uko egiten deutsienak, zertarako behar dozu? galdetuz; nonor gustetan bajake gustau egiten jakela onartzerako, erretiroa hartu ahalko leukienak, txarto atara jaken ha bizi izan eben ederrenentzat eta inozoentzat daukienak.

Ez dozu jakin gura hori zer dala-eta dakidan.

Txarto zer egin ebena sakon aztertuz gauak eta gauak madarikatzen ditue, eta, aldian-aldian, pakea emoten deutsie euren buruari zergaitik pasau behar izan jatan niri! ilargiari galdetuaz, erabili leitekeen tonurik errukarrienagaz; ez dira inogaz fidatzen, baina fidau gura leukie irribarre barri hori, zelakoa izaten zan be gomutatzen ez dabena, erakutsi deutsien horretaz; gehiegi jakez lausengu edo berba ezti guzti-guztiak, baten bakarrik itoko litzatekezalako.

Ez itaundu besterik.

Egon isilik. Begiratu adi pertsona horreeri: ikusten al dozue sendotasunez darabilten maitasun hori ez dala eurentzako egina? Eta zelako itxaropenagaz desio daben txarto egotea? Begiratu zelan estaltzen daben malenkonia indiferentziagaz eta erreparau lasaitasuna deitzen deutsien eta inongo alaitasunik ekarten ez deutsien baina bizitzea, behintzat, galarazoten ez deutsien haize motel horri.

Aspaldi eskribidu eban poeteak: Ez egizu zeure burua zauritu, ezta larrosa baten petaloagaz be.

Eta besteak gaineratu eban: Gehien maite neban hari egin neutson nik minik sakonena.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu