Euskerearen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara
2014-07-02 22:50Askotan aitatu izan dot blog honetan sarri tokau izan jatala euskerearen jatorriari buruzko hainbat galderari erantzun behar izatea atzerrian, gaian aditua ez banaz be. Lantzean neuk baino gehiago ekian jentea topau dot; lantzean, neuk baino gehiago ekiala uste ebana; eta lantzean, han-hor-hemen zabaldutako uste okerrak egiaztatu gura ebezanak. Baina, antza, mito horreek ez dagoz kanpoan bakarrik zabalduta, eta geurean be badaukagu zer ikasi.
Ikastaroaren nondik norakoak zehazteko, eta oraindino bere izena emon ez dauen baina interesa euki leiken baten bat animauko dalakoan, antolatzaileakaz egin gura izan dot berba, eta itaun egin deutsiet:
- Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroak helburu bikotxa dauka: alde batetik, gaur egun unibersidadean euskereari buruz (eta, batez be, euskerearen historiari buruz) egiten diran ikerketa-moduak eta horreen emoitzak espezializazino bako jenteari hurreratu gura deutsieguz; beste alde batetik, oraindino be gure artean bizi diran mito batzuk aztertuko doguz. Ikerketa serioak azken urteotan emon dituan emoitzakaz batera, ikertzeko moduan ganeko azalpenek eta hausnarketak lekua eukiko dabe, beti be kontuan hartuta hartzaileak nortzuk diran.
- Nori zuzendutako ikastaroa da? Zelango jentea espero dozue?
Espezializazino bako jentea daukagu buruan: ikasleek ez dabe zertan Filologian edo Hizkuntzalaritzan ibilitakoak izan. Ibilia dan edo dabilen jentearengana heltzeko badagoz bideak: argitalpenak, kongresuak, mintegiak, beste ahalegin bat eskatzen dabenak. Ikastaro honetan didaktikotasunari emongo deutsagu garrantzia handiagoa, aditua izan barik be, interesa daukienek gure lanaren barri izan daien.
- Zein dira hausi gura dozuezan mito horreek?
Hainbat dagoz eta komenidu da bistea altzau eta munduan zer gertatzen dan aztertzea. Euskera hizkuntza isolatua da... Zer da benetan hizkuntza isolatua izatea? Zer emoten deutso horrek hizkuntzeari? Zer ikerketeari? Benetan hain bitxia da euskerea hizkuntza legez? Zer pentsau izan dabe ikertzaile kanpoztarrek euskereari buruz? Eta bertakoek? Hainbat puntu jorratuko doguz, eta puntu horreek aztertuta erakusten saiatuko gara zer onar daitekeen eta zer ez ikuspuntu serio edo estandar batetik: zelan aztertzen dira aurreko gizaldietako hizkuntzak? Eta lekukotzarik ez dagoanean? Zer da benetan Filologia? Nozkoak dira euskalkiak? Bardin aztertu lei bizkaierea gaur? Zer zan bizkaierea orain dala 150 urte? Eta orain dala 500? Noz sortu ziran euskalkiak?
- Zer da Aziti Bihia? Zelango taldea zarie? Zer egiten dozue?
EHUko doktoregai batzuek sortutako taldea da. Batez be euskerearen historiaren inguruko gaiak ikertzen doguz, euskerearen bilakabidea: batzuek fonetikea eta fonologia, beste batzuek deklinabidea, beste batzuek aditza, beste batzuek sintaxia, beste batzuek dialektologia historikoa, beste batzuek testuen edizinoa... Kontua da gu guztion ikerketan dagoala osogai historiko edo diakroniko bat, eta 2012an Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarra egin zanean bertan gengozala aprobetxauta, talde bat sortzea proposatu zan, batez be alkarren jardunaren barri eukiteko. Orain arte mintegiak eta topaketak egin izan doguz: bakotxa zertan dabilen jakiteko balio dabe, zalantzak azaltzeko eta guztion artean komentetako... Eta beste alde batetik, edizino-lanean be bagabiltz: dana ondo-bidean, datorren ikasturtean Estebe Materre-ren dotrinaren edizinoa prest eukiko dogu. Ikastaro hau be antolatu dogu...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!