Nurith Aviv-en 'Itzultzea' filma

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-03-17 00:15   Jan edanak

Hebraieraren inguruan egindako hiru dokumentaletan azkena da Traduire (Itzultzea). Lehenengoa, D’une langue a l’autre (Hizkuntza batetik bestera) 'beste hizkuntza'-ren eta hebraierearen arteko tensinoei buruzkoa da; bigarrena, Langue parlée, langue sacrée (Ahozko hizkuntza, hizkuntza sakratua) tensino intralinguistikoei buruzkoa; eta hirugarrena, Traduire lehenengoaren negatiboa, hebraieratik beste hizkuntzetara itzultzearen ganeko gogoetea da.

Hebraieratik itzultzen ibilitako hamar lagun ipini ditu bideokamarearen aurrean zuzendariak, beti eskema bardinari jarraituta. Lekua dator lehenengo: itzultzailearen leihotik begiztatzen dan parajearen irudia; lantokia gero: gelako argitu egiten da, eta orduan ezbardintzen da itzultzailearen irudia; ostean, itzultzailearen ahotsak gaina hartzen dau: hebraiereagaz zek lotu eban, zein izan dauen itzulpen-esperientzia…; akabuan, paisajea agertzen daneko kamara-mobimentu bardinagaz, itzulitako testu hebraikoaren irudiak datoz, itzulpenaren irakurketeagaz batera. Itzultzaile-idazle asko agiri dira, gehienak poesia-itzultzaileak. Filmak zenbat eta aurrerago egin, orduan eta emakume gehiago agertzen dira. Akabua polifonikoa da: itzultzaile danen ahotsak entzuten dira, eta danen leihoak pantailaratzen…

Eta, modu horretan, hebraierazko literaturearen historiaren errepasoa egiten dau zuzendariak. Hain zuzen bere, Nurith Avivek ez ditu itzultzaileak aukeratu, ezpada itzulitako obrak. Nurith Aviven beraren berbetan, topaketen istorioak kontau ditu berak, pasino-istorioak, ez hainbeste itzulpen-istorioak. Itzultzailearen eta hizkuntzearen arteko hartu-emonak nabarmendu gura izan ditu, aikor topaketea. Izan bere, itzultzaile askok euren kulturetako oinarriak topau eta batu ditue hebraieran. Baina, hartu-emon danetan legez, beti dago mina, zeozeri uko egin beharraren mina (negoziau egin behar da itzulpenean).

Itzulpena bera agertu egiten dauen pelikulea da Traduire: hamar hizkuntzatan grabauta dago (hebraierea, frantsesa, espainola, yiddish, italiera, errusierea, katalana, ingelesa, arabierea eta alemana). Nork bere hizkuntzan egiten dau dokumentalean, eta ikusleak, azpitutuluetara joten dau halan behar dauenean. Zuzendariak dinoanez, denpora gehiago emon dau  itzulpen-beharretan filmatze-beharretan baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu