Euskerazko produktuen kontsumoaz

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2009-10-23 11:10   Musikea

Hainbatetan kezka dago gure artean euskerearen erabilereak daukan bilakaereari buruz. Testuinguru horretan, askotxotan esplikau da zergaitik ez dauen egiten euskerearen erabilereak gora ezagutzeak egiten dauen neurrian. Baita horren arrazoiak be: dentsidade demolinguistikoa, gaurko hiztunen ezaugarriak, erabilteko egiazko aukerak, hizkuntzen gertutasun/distantziak...

Hizkuntza bat erabiltea jazoera soziala dan heinean, hiztun batek jarrera eta gaitasun aproposak ez eze euskerea bera erabili ahal izateko gizarte-baldintza aproposak be behar ditu. Aurrekoa halan izanda be, beste gertaera bat egiten jat deigarri. Hain zuzen, hamarkada gitxi batzuetan euskeraz berba egiteko gauza diran pertsonak ikaragarri hazi diran arren, hiztun-erkidegoa ikaragarri gaztetu dan arren, euskeraz ekoitzitako produktuen kontsumoak ez dau neurri berean gora egin. Eta gehiago be esango neuke, bildur naz euskeraz ondo moldatzen diranen kopurua eta euskerazko produktuak kontsumitzen dabezanen arteko distantzia ez dan gero eta gehiago handitzen ari. Horrelakoetan, kanpo-faktoreei erreparatzen jake askotxotan: herri-aginteen babes urria, kontsumitzaileen kontsumo-ohiturak, produktuen ezagutzarik eza eta abar. Barne-faktoreei, ostera,  gitxitan erreparatzen deutsegu: produktuak euskeraz eskaintzeaz gainera, orobat interesgarriak/erakargarriak ete diran kontsumitzaileentzat.

Babes eta laguntzarik zabalena eskaini arren, euskerazko hainbat produkturen gainbeherea ezaguna da; halanda be, euskeraz dagozalako mantentzeko erabagia hartu da. Noz arte? Zentzurik ete dauka bitartekoak-eta baliatzea etorkizunik ez dauken proiektuetan, osterantzekoetarako nahikoa baliabide ez dagoenean? Euskeraz ekoitzitako produktuen artean lehentasunak ezarri ez eze, ez ete gendukez aztertu behar ikuspegi autokritikoago batez eta funtzionatzen dabenak bultzatuz, funtzionatzen ez dabenak baztarrean itxiz, merkatu-gune barrietara ailegatu leitezan horreetan inbertituz?
Hainbat produkturen kasuan ezagutzarik eza da arazoa. Beste batzuen kasuan, ostera, euren kontsumitzaileak (irakurleak, entzuleak, eta abar) arian-arian galdu eta barriak ez baditu irabazten zergaitik da? Ustez euskerazko produktu horreek hasiera batean eskaini gura eben balio erantsia eskaini ez eta kontsumitzaileen apetak gogobeteten ez baditue zergaitik da? Hasiera bateko erabiltzaileek, irakurleek edota ikus-entzuleek, horreen artean milaka eta milaka euskaltzalek, lepoa emoten badeutse zergaitik ete da? Euskerazko produktuen artean dana ez da urregorria, euskeraz eskaini arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu