Leioako Umore Azokako programazinoaren ia erdia euskal konpainiek beteko dabe

Bizkaie! 2024-05-07 10:12   Kulturea

Aurten parte hartuko daben 41 konpainietatik 18 Euskadiko konpainiak dira.

La Glo Zirko-Dantza | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioako Udalak antolatutako XXIV. Umore Azokea maiatzaren 16an, eguenean, hasi eta 19n amaituko da eta, besteak beste, antzerki, jantza eta zirkuko 41 ikuskizun ekarriko ditu herrira.

Leioako Udalak bertoko industria eta talentu kulturala babesteko jarrereari jagokonez, 18 euskal konpainia izango dira aurtengo programazioan: DAB Dantza Konpainia; Cía. Barsanti; Ganso&Cía; Goitibera; Hika Teatroa; Hortzmuga Teatroa; Kresala Dantza Taldea; La Glo Zirko-Dantza; La Pez; Cía. Maite Guevara; Markeliñe; Mutis Espazioa; niMÚ; NODE; Organik Dantza; Teatro Gorakada; Cía. Trotamundos; eta TwoMuch Circus.

Umore Azoka 2024 urtearen egutegiko kale-artearen lehen ekitaldia da eta, beraz, euskal konpainiek euren lanak nazinoartera zabaltzeko erakusleiho handi bat izango dabe Leioan: Azokea, Euskal Herriko, estaduko zein nazinoarteko kaleko arte eszenikoak lau egunetan batuko dituan erdigunea da. Harrotasunez esan geinke gure herria euskal konpainientzako laguntza bihurtu dala, baita nazinoarteko kulturearen erreferentean eta diziplina anitzeko proposamen onenen erakusleiho be. Beste urte batez, Leioa, arte eszenikoen sektoreko profesionalen topaketa, truke eta lankidetzarako gune bihurtu da, nabarmendu dau Leioako Udaleko alkatea dan Iban Rodriguez Etxebarriak.

Era berean, urtero jazoten dabn legez, Umore Azokeak Leioako konpainiaren presentzia izango dau, Mutis Espazioa, hain zuzen be, Gorputzen Bulkada proposamenagaz parte hartuko dauen jantza konpainia.

Aipatutakoaz gain, Umore Azokeak estadu mailan hurrengo behin betiko estreinaldiak izango ditu: DAB Dantza Konpainia; Cía. Barsanti; Goitibera; Hika Teatroa; La Glo Zirko-Dantza; La Pez; Cía. Maite Guevara; Markeliñe; niMÚ; NODE; Organik Dantza; Cía. Trotamundos; eta TwoMuch Circus.

Leioako Umore Azokea

Leioako Udalak atontzen dau Leioako Kaleko Artisten Azokea. 1988tik egoan Umore Jaialditik sortu zan azokea eta jentearen erantzun bikaina izan dau publikoaren eta kritikearen aldetik.


Helburu nagusia kaleko arteen industria hauspotzen laguntzea da, kaleko arteen sektore horreen konsumoa, ibilbideak eta koordinazinoa sustatuz eta konpainien/taldeen/artisten sustapena azpimarratuz.

Gaur egun, Umore Azokea ikuskizunak erakusteko eta sustatzeko gunea be bada eta, aldi berean, profesionalen arteko urteroko foroa. Igaz, Umore Azokeak 30.000 persona batu zituan Leioan lau egunez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu