'Imago Vasconicae' argitaratu dabe, Euska Herriko I. Atlas Etnografikoa

Bizkaie! 2024-04-18 13:06   Kulturea

Obra honek 300 mapa jasoten ditu.

Atlasaren lehen aurkezpena gaur, eguena, egin da, Laboral Kutxak Bilbon dauen lurralde-egoitzan. Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikideko katedradun eta obraren hitzaurregileak kartografia historikoaren entziklopedia bisual handi honen garrantzia azpimarratu dau, izan be, obra honek formatu handiko beste argitalpen batzuen bidetik jarraitzen dau eta asko laguntzen dau herri, komunidade politiko eta nazino baten ondare kultural kolektiboa goratzen eta hari prestigioa emoten. Era berean, Agirreazkuenagak egile bien birtudeak goraipatu ditu: Ez gagoz obra arrunt baten aurrean, ikerlari bien esperientzia baten emoitzearen aurrean baino, izan be, ikerlari bi horreek mapa-ekoizpenaren ezagutza kritiko bihurtu dabe euskaldunon irudikapen kartografikoaren aurreko pasinoa.

Ramón Oleagak, barriz, obrearen egokitasuna nabarmendu dau, kartografia historikoaren esparruan, gure Herrian erakusketa puntualak islatzen dituen katalogoak argitaratu dira, baita lurralderen baten irudikapenaren bilakaerea azaltzen daben obrak be. Baina ez egoan Euskal Herria oso-osorik hartzen eban obrarik, hau da, lurraldea historian zehar kartografian zelan islatu dan azaltzen eban obrarik.

Bestalde, Jose María Esparzak azaldu dauenez, ehun izenen herrialdeak (holan bataiatu gintuan Humboldtek) atlas bakar bat izango dau gaurtik aurrera, eta atlas horrek antxinako Baskoniak historian zehar izandako bilakaerea ulertzen lagunduko deusku. Aurkezpenagaz amaitzeko, adierazo dau obra hau auzolanean egindako lana dala, egileen, Laboral Kutxaren eta euskal erakundeen artean egindakoa, eta mugarri bat izango da gure lurraldeko bibliografian eta kartografian.

Imago Vasconicae

Egileen eretxiz, mapek lurraldea irudikatzen dabe, baita gu geu be. Zelan ikusten gintuen, adibiderik zaharrenak Euskal Herritik kanpoko kartografoenak baitira, zeintzuk ziran eta diran gure interesak. Hamezortzigarren mendean erlijino-eraikinak adierazoteko interesa nagusitu zan; bestalde, hemeretzigarreneko eta hogeigarreneko atlasek azpiegitura handiak azpimarratzen ditute, aberastasuna eta aurrerapen soziala sortuz.

Obra hau irudien katalogo edo bilduma bat baino askoz gehiago da. Imago Vasconicae obreak gaur egun Euskal Herria-Baskonia lez ezagutzen dogun lurraldeak denporan zehar erakutsitako kartografia eskaini nahi dau. Beraz, argitalpen honetan mapak ez dira beste azterlan batzuetako diskurso edo ilustrazino soilari laguntzeko materialak bakarrik, eta ikerketa-elementu nagusi bihurtu dira.

Materialak aukeratzeko, liburutegi, museo eta bilduma publiko zein pribatuetako katalogoak hustu dira, eta aztertu beharreko lurraldea eskala handiagoan edo txikiagoan islatzen eben milaka adibide batu dira. Lehenengo aukeraketa zientifikoa egin zan eta, horren emoitzea izan zan 800 mapa baino gehiagoko corpusa sortzea.

Azkenik, mapa horreei guztiei buruzko inkesta bat egin zan, obrearen helbururako daben garrantzia nabarmentzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu