Artium Museoak Alejandro Garmendiaren artelan bat jaso dau dohaintzan

Bizkaie! 2024-04-16 07:50   Kulturea

Julian Schnabelen eta Gill Connonen eskutik.

El ingenio revolucionario | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak Alejandro Garmendiaren (Donostia, 1960-2017) El ingenio revolucionario artelana jaso dau dohaintzan, hainbat proiektutan lankide izan eba Julian Schnabel artista eta zinemagilearen eta Garmendiaren bikote-lagun Gill Connonen ekimenez. Neurri handiko obrea da, mihise gainean argazki-emulsinoz egina eta artistearen lanaren zati handi bateko alegiazko espazio arkitektonikoetako bat irudikatzen dau. El ingenio revolucionario margolanak modu koherentean osotzen dau nazinoartean ezaguna dan euskal artista honen presentzia museoaren bilduman (aurretik bazituan artista honen margolan, collage eta eskultura esanguratsuak).

Collage, marrazki, argazki eta grabatuaren erabilera esperimentala eta asmatzailea da Alejandro Garmendiaren (Donostia, 1960-2017) produkzinoaren ezaugarri nagusia. Arkitektura eta paisajea oinarrizko gaiak dira demokraziaren etorrereak ekarritako kultura-eszenearen barrikuntzearen parte izandako artista honen obran. Ondokoak izan ziran artistearen ibilbidea markau eben uriak: Paris, 1974ra arte hemen bizi izan baitzan, Donostia, Bilbo, Madril, Edinburgo, New York, 10 urtez lan egin baitzeban, eta Hendaia, bere bizilekua izan zana 2005etik.

Artium Museoari dohaintzan emondako El ingenio revolucionario (1994-1998, 244x361 cm, berniza, erretxina eta argazki-emulsinoa mihisearen gainean) Alejandro Garmendiaren ibilbideko praktika errepetitiboetako batean kokatzen da, alegiazko espazio arkitektonikoen sorkuntzan, izan be, Cy Schnabelek 2023an Villa Magdalenan egindako erakusketearen harian egindako saiakeran adierazoten dauen bezela, eskala eta planoa nahastu egiten baitira grabidadea desagertu arte. Garmendiak eskala txikiko fotomuntaketan lan egiten dau lehenengo, zuri-baltzean, barruko irudien ebakinetatik abiatuta. Collage horreetako batzuk obra handiagoetara eroan zituan artisteak, hainbat teknikagaz esperimentauta: pintura fotorrealistea, irudi digitala, eskulturea... Emoten eban Garmendiarentzat, esperimentazino teknikoaren eta sortu nahi zituan ezohiko munduen arteko korrelazinoa egoala.

Alejandro Garmendia 90eko hamarkadan hasi zan esperimentetan argazki-emulsinoagaz eta kamera ilunagaz, formatu handiko lanak produziduteko. El ingenio revolucionario teknika horregaz eginda dago. Cy Schnabelek dinoen bezela, «gela bitxi bat erakusten deusku, giro bitxia dauena: baranda bat, ateak, eskilara bat, sabai-zati bat —koadroaren planoan itsaslabar irregular baten eran proiektetan dana—, baina, oro har, leku ezezagun horrek ez dau ezagutzen dogun mundu errealeko ezeren antzik. Erresuma misteriotsua, desagertua eta aspaldi ahaztua. Gainazala estaltzen dauen berniz hori sotilak denporea betikotzen laguntzen dau: une hori izan eiteanaren ezaugarri bat, edota denporea igaro izanaren ebidentzia».

El ingenio revolucionario (1994-1998) izan zan artistea hiru dimensinoko instalazino bihurtzen hasi zan sail honetako lan bakarra. Izenburu bera dauen eskulturea, El ingenio revolucionario (2003-2004), irudian lehen planoan agertzen dan objektuaren irudikapena da, mahai baten eta argi-armiarma baten arteko hibrido bat, «ustez, une jakin batean, objektu funtzional bat, ostutako errealidade horreetakoren batekoa».

Eskultura hori 2023an erosi eban Artium Museoak bere ondare-funtserako. Ordurako Garmendiaren hasierako hiru margolan zituan: París-Mayo (1991), 1992an erosia, eta Descubrimientos de Bertho Mao (1987) eta Inundación (1989), Eusko Jaurlaritzako Gure Artea komodatuaren parte ziranak. Museoak formatu txikiko fotomuntaketa bi erosi zituan 2023an, 1995ekoak.

El ingenio revolucionario lanaren dohaintzeari esker, modu koherentean osotu da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bildumako artelanen multzoa, dagoeneko desagertutako eta nazinoartean nahiko ospetsua dan euskal artista batena. Paris, Madril eta New York urien artean bizi arren, Alejandro Garmendia Arabako eszena artistikoagaz lotuta egon zan, eta, esate baterako, 1998an Pablo Milicuak komisariauta Amarika Aretoan egin zan Mutantes del Paraíso erakusketetan parte hartu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu