Jantzearen hilebetea, prest Donostian

Bizkaie! 2024-04-10 08:35   Kulturea

Igor Calonge eta Oihana Vesga jantzariek jasoko ditue aurtengo sariak.

XVI. Jantza Kalean eta XXVI. Kontxako Barandak emongo deutse hasierea hurrengo asteburuan, apirilak 20 eta 21, Gipuzkoako Jantza Profesionalen Alkarteak (APDG) atondutako Jantza Hilebetearen ospakizunei, apirilaren 28an egingo dan Jantzearen Nazinoarteko Eguneko XXVII Galeagaz zarratuko dana.

Zapatuan, apirilak 20, XVI. Alderdi Ederren Jantza Kalean egingo da eta bertan, 13 eskoletako 281 jantzarik parte hartuko dabe hainbat estiloko piezak interpretauko dituelarik: jantza garaikidea, jazza, neoklasikoa, urbanoa, aurredantza eta street jazza hain zuzen be.

Hurrengo egunean, hilak 21, domekea, XXVI. Kontxako Barandea izango da Kontxako pasealekuan eta bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko eskoletako 1476 ikaslek hartuko dabe parte.

Jantzearen Hilebeteari amaierea emoteko, apirilaren 28an, eguerdiko 12:00etan eta 19:00retan, Jantzearen Nazinoarteko Egunaren XXVII. Galea egingo da Victoria Eugenia Antzokian eta, besteak beste, Igor Calonge eta Oihana Vesga sarituak, JAC Ballet, Jon Vallejo (Dresden), Hodei Iriarte, Chihiro Tamai eta Manuel Sánchez (Kiev Ballet-a), Mikel Arana, Compagnie Illicite Bayonne Fabio López, Elephant in the Black Box jantza garaikideko konpainia, Verdini Jantza Taldea eta Malandain Ballet Biarritz konpainiek hartuko dabe parte.

Horrezaz gan, Sarien banaketa ekitaldia, Jantzearen Nazinoarteko Eguneko Galearen barruan izango da: Igor Calonge eta Oihana Vesga jantzariek, Ibilbide Artistikoari saria eta Dedikazino Saria jasoko ditue, hurranez hurran, APDG Alkartearen eskutik.

Galarako sarrerak eskuragarri dagoz Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu