'Gure Kirolak Sustatzen' programearen lehen urteko balantzea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-03-22 10:30   Kirola

Harro egoteko modukoa da adierazo dabe Sustabiz Fundazinoko kideek.

Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazinoak lehen urteko balantzea emon dau ezagutzera. Ondo egindako lanagaz gogobeteta eta proiektuak jasotako erantzun bikainagaz eta harrera onagaz, lehen urteko balantzea ezin hobea da. Apirilean urtebete bete genduan eta % 100ean sentiduten gara, geure aurreikuspenak beteten dabizelako. Gure kiroletan bezela, beti gainditu gura dogu geure burua eta hori da gure leit motiv-a. Zaleen laguntzinoa sentiduten dogu, lanak eta ahaleginak beti merezidu dauela, nabarmendu dau Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko zuzendariak.

Lehen urtean, Sustabizek gauza asko lortu ditu, besteak beste, Europara salto egitea, AEJeSTen
(Joko eta Kirol Tradizinonalen Europako Alkartea) sartuta. Bertan, Europako 17 herrialdetako federazinoak, fundazinoak eta alkarteak dagoz.



AEJeSTko kide izatea harro egoteko modukoa da, izan be, guretzako Europa mailako beste alkarte batzuekaz hartu-emonetan egotea da eta sustapeneko, ikerketako, Erasmus+ eta bestelako proiektuak martxan jarteko aukerea emoten deusku. Maila horretako lankidetzak esperientzia, ikaskuntza prozesua eta beste maila bateko hartu-emonak ekarriko deutsoz Fundazinoari adierazo dau Sustabiz-ek.

Busturialdeko udalakaz egindako aliantzak be esanguratsuak izan dira: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta; Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta. Lau urterako hitzarmenak dira, Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen proiektuaren barruan herri kirolak, euskal pelota eta arrauna sustatzeko. Sustabiz Fundazinoak asko eskertzen deutsegu proiektu horretan laguntzen deuskuen udalei eta eragile publiko eta pribatu guztiei. Konpromisoa guztiona da geure kirolen sustapenaren alde lan egiteko, nabarmendu dau Jesus Manuel Madariaga Sustabiz Fundazinoko presidenteak.

Sustabiz Herri Kirolen Zentroaren sorrerea, Box Crossfit Gernikan kokatua, probidentziala izan da geure kirolen sustapenari bultzadea emoteko, batez be Busturialdeko gazteen artean. Nabarmentzekoa da emakumeek herri kiroletan daben parte-hartzea. Urte bakarrean, Sustabiz Herri Kirolen zentroan 22 emakume doguz entrenetan, emoitza ezin hobeakaz. Emakumeak gure kiroletan dabiz eta erakustaldiak eskaintzen ditue, erronketan parte hartzen dabe eta gure kirol-kulturea sustatzeko lanean oinarrizkoak dira. Harro gagoz herri kirolen ateak mundu guztiari zabaldu deutseguzelako.

Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte-hartzaileak 2024

Sustabiz Fundazinoak Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte-hartzaileak 2024 programearen xehetasunak emon ditu. 2023an be funtzionau eban programeak, Udako Gure Kirolak Sustatzen Kanpusagaz eta ikastetxeen arteko topaketakaz. Aurton helburua da Busturialdean Euskal Pelota, Arrauna eta Herri Kirolak sustatzea, batez be belaunaldi barrien artean, baina anbizino handiagoagaz. Busturialdeko herrien arteko kohesinoa, koordinazinoa eta inplikazinoa gure kirol tradizionalen inguruan; eskualdeko gazteek euskal kultura eta kirola barruratu deiezan laguntzea, gazteak inguruko talde, auzo eta herrietan batu eta egonkortzea; jaialdiak herri kirolen, arraunaren eta euskal pelotearen bidez gizartean alkargune bihurtzea; Urdaibaiko ikastetxeetan Herri Kirolaren sustapena bultzatzea eta/edo kirolarien, gurasoen eta bertaratutakoen arteko hartu-emonak sendotzea dira proiektuaren helburuetako batzuk.

Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte-hartzaileak 2024 Busturialdea-Urdaibaiko 20 udalerrietan herri kirolen, euskal pelotearen eta arraunaren inguruko topaketa parte-hartzaileak atontzea da eskola edadeko (6 eta 14 urte bitarteko) neska-mutileei zuzenduta. Programak barrubatzen dau herri-kirolak egitea, parte-hartzaileen edadeari egokitutako materialakaz eta araudiagaz, eta inpliketan ditu eskualdeko udalak, ikastetxeak eta familiak. Ganera, goi mailako Herri Kirolariak, arraunlariak eta pelotariak be izango dira.

Programea 2023ko garagarrilaren 27an hasi zan Ajangizen eta hurrengo hitzorduak Bermeon izango dira, apirilaren 3an eta 4an. Jardunaldien egutegia oraindino zehaztu barik dago, baina eskualdeko 19 herrik parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu