Bilboko ‘Barraca 21’ eskola soziala aurkeztu dau SGAE-k Norairen eskutik

Bizkaie! 2024-03-01 13:28   Kulturea

Kultura eta formazinoa gizarteratze-tresnatzat erabiltea da asmoa.

Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE), 125. urteurrena dala-eta programautako jardueren barruan, gaur, barikua, 2024ko martiak 1, Norai alkarteagaz batera martxan jarriko dauen eskola soziala aurkeztu dau Bilboko San Frantzizko Auzo-etxean. Barraca 21 izenaz ezagutarazoko da. Goizeko jentaurrekoan, alkarkide diran Aiora Renteriak (Zea Mays) eta Alex Sarduik (Gatibu) babestu dabe ekimena. Sustatzaileek, SGAE Fundazinoa be tartean, Estadu mailako zazpi uritan egingo dala esan dabe, beste hainbeste gizarte-erakundegaz lankidetzan hain zuzen be. Helburua musikea, antzerkia, jantzea eta ikus-entzunezkoen bidez neska-mutiko, gazte eta helduen kultur garapena eta integrazinoa bultzatzea da.

Garbitxu SGAE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak azaldu dauenez, Barraca 21eko aterpean, alkarte bakotxak bizi dauen inguruneko behar espezifikoei erantzun nahi deutsegu. Bilboren eta San Frantziskoren kasuan, Noraik hamar urte baino gehiago daroaz umeen, gazteen eta familien eskubideen alde lanean, kultura eta formazinoa gizarteratze-tresna legez erabiliz. Hori izan da gakoa Norai ibilbide honetan laguntzat hartzerakoan.

Era berean, Barraca 21 proiektuari esker, San Frantziskoko Auzo-etxean – egitasmoaren egoitza ofiziala (Mariaren Bihotza enparantza, z/g) – eta neurri handi batean Noraiko formazino-planaren bitartez, hainbat hezkuntza-jarduera, goi mailako eskola eta ikastaro egingo dira, musika, ikus-entzunezko eta arte eszenikoakaz lotutako egile-irakasleen eskutik, diziplina horreetan publiko guztiei prestakuntzea emoteko; gainera, SGAEko bazkide horreen eskarmentu personal eta artistikoa modu baliogarrian ezagutzeko aukerea izango da.

Betto Snay musikagile, komunikatzaile eta aktorea da egitasmoaren koordinatzailea eta bera izango da Bilbon eragile teknikoa. Gure bazkideak aurreratu dauenez, gaurtik bagilera arte, fase esperimentalago batean txertatuta egongo gara: Norairen plangintzea osotzea da asmoa, bere prestakuntza-eskaintza zabalduz, eta musika, eszena zein ikus-entzunezkoen arloan eskola magistralak atonduko ditugu. Javier Alzola (Fito & Fitipaldiseko saxoa), Joseba Gotzon, Javier Corcobado edo Afrika Bibang musikariak, besteak beste, Ana Capilla jantzaria, aurreikusitako irakasleen artean dira.

Alkartasunaren osogaia ondo baino hobeto mamitu dabe Aiora Renteria Zea Mayseko amabitxiak eta Gatibuko abeslaria dan Alex Sardui aitabitxiak. Eurentzat be, umeak, gazteak eta helduak kulturearen inguruan batzea aukera parebakoa izango da integrazinoaren bidean, izan be, idea polit hau irudikatzeko prestasuna eta borondatea erakutsi dabe biek. Emondako berbalditxoan, eskerrak emon deutsee SGAEri eta erakunde laguntzaileei ordezkaritza hau eskaintzeagaitik eta lan hori arduraz eta harro egingo dabela azpimarratu dabe.

Beste alde batetik, Noraiko arduradunetako batek, Lukas Lopez Bujandak ondokoa esan dau, hasieratik SGAEgaz eta bere Fundazinoagaz asmoa eta proposamenak planteetako eta egokitzeko izandako lankidetzea ona izan da, baita Etorkizuna Musikatan orkestrearen esparruan sortu daitekezan formakuntza prozesuan etorriko diranak be.

Norai alkartetik gertu ibiliko da Begirune Fundazinoa be Xabier Aierdi irakaslea buru dauela, gizarteratze eta garapen komunitarioko prozesuetan espezializautakoa. Bilboko Udalaren Zubirik 2025 Planaren Idazkaritza Teknikoa daroa Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan. Proiektuaren eraginari buruzko ebaluaketea egingo dau.

Asmoa da Barraca 21 eskola sozial guztiak hasiera batean 2024 eta 2025 urteetan zehar garatzea, eta ondoren, ebaluazino datuak aztertzea.

La Barraca

SGAEk La Barracaren espiritua berreskuratu nahi dau, 1932ko udan, Federico Garcia Lorca eta Eduardo Ugarte hondarribitarraren gidaritzapean. Espainiako gizartea birsortzea helburu eban antzeztalde ibiltari eta utopiko ha aldarrikatuz, pedagogoen ezinbesteko lanaz ez eze, artisten, olerkarien, antzerkigileen eta sortzaile danen garrantzia azpimarratzea da asmoa. Izakera horri eutsiz, egile-eskubideen kudeaketa-erakundeak zazpi ikasgune bultzatzen ditu Estaduan zehar, gizartearen integrazinoa musika, antzerkia, jantza eta ikus-entzunezkoen bitartez bideratu guran eta alkarbizitzarako abagune bat eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu