Gasteizen I. Ipuin Literarioaren Nazinoarteko Jaialdia izango da martiaren 13tik 16ra

Bizkaie! 2024-02-21 09:16   Kulturea

Iban Zaldua idazleak zuzenduko dau.

Ignacio Aldecoa kultura etxea izango da programearen egoitza nagusia, eta literaturan eta irakurketan interesa dauen edozeinentzako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko ditu: Eloy Tizón, Isaac Rosa, Tina Vallés, Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionaindia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa eta Benizze dira hitzorduan parte hartuko daben sortzaileak eta Nagore Fernandez-Zabala, Mari Jose Olaziregi eta Irati Majuelo akademikoek osotzen dabe programea.

Araba ipuinaren erreferente bihurtzea da asmoa Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputaduak eta Iban Zaldua idazle eta jaialdiaren zuzendariak zehaztu dabenez.

Programea Arabako kultura etxean eskainiko da baina Arabako Unibersidade Campusera be zabalduko da.

Ipuina, literatura genero gisa, inoiz baino biziago dago: argitaletxe gehienek beren katalogoetan eskaintzen ditue, irakurleek generoa maite dabe, egileek beti lantzen ditue ipuinak eta Euskadi, gainera, potentzia bat da ipuingintzearen arloan. Hori guztia eta Aldecoaren aitzindari lanari eta aurreragoko autore askoren lanari esker lurraldean ipuinaren arloan dogun indarra ezinbestekoak izan dira jaialdi honen alde egiteko, izan be, datozen urteetan be jaialdiari ekiteko asmoagaz jaio da, Del Valek adierazo dauenez.

Horrezaz gan, horren guztiaren jakitun izanik, Ignacio Aldecoa kultura etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazinoarteko Jaialdia sortu dau. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, literaturearen eta liburuaren inguruko proposamen berezia eskaini nahi deutsena Gasteizko, lurralde historikoko eta aldameneko lurraldeetako herritarrei, Arabako uriburua ipuin literarioaren nazinoko eta nazinoarteko erreferente izan daiten.

Era berean, euskeraz sortutako ekimen honek euskal ipuin literarioaren sorkuntzea nabarmendu nahi dau: Aldecoa jaialdiaren helburua nazinoarteko kontakizun laburraren eremuko izen ospetsuak Arabara erakartea da, genero literarioaren izakera unibersala azpimarratzeko eta haren sorkuntzea zabaltzeko, bai euskeraz, bai gaztelaniaz adierazo dau foru arduradunak.

Azken buruan, jardueretan parte hartzea doban izango da baina aurretik izena emon behar da.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu