Ane Santestebanek bigarren amaitu dau Women Cycling Pro Costa de Almeria lasterketan

Bizkaie! 2024-01-29 10:09   Kirola

Olivia Baril kanadarrak irabazi dau lasterketea.

Guztira 31 herrialdetako 113 txirrindularik parte hartu daben lasterketean, Olivia Baril kanadarrak baino ez dau gainditu Ane Santesteban. Almeriako Women Cycling Pro Costa Trofeoaren hirugarren edizinoak (bigarren profesionala) 127,8 kilometro eta 1.497 metroko desnibel positiboa izan ditu, eta Campohermoson (Nijar) hasi eta Mojacarren amaitu da.

Lasterketea Almeriako probintziatik igaro da oso-osorik, nazinoarteko egutegian Europan egindako urteko lehen emakumezkoen txirrindularitzako lasterketetan. Probea, ondoko herrietatik pasau da: San Isidro, Pueblo Blanco, Campohermoso, Villa de Níjar, La Boca de los Frailes, Mirador de la Amatista, Rodalquilar, Los Méndez, Las Hortichuelas Bajas, Fernán Pérez, Los Pacos, La Joya eta Agua Amarga, Nijar udalerrian, eta ondoren Carboneras, El Algarrobico, Mirador de la Granatilla, Sopalmo, Mojácar Playa eta Garrucha, Mojácar herrian dagoan mendatean amaituz.

Noémie Abgrall frantziarrak (Winspace) bakarrik jo dau erasoa lehen kilometroetan, 4 minutuko aldea lortuz, baina tropelak helmugatik 49 kilometrora harrapau dau barriro be. Txirrindulariak alkartuta, lasterketea Mojacarrera heldu da, kilometro eta erdi % 7an eginez, eta orduan Olivia Barilek Mojacarreko Plaza Barrirako igoeran pasau ditu Ane Santesteban (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi) eta Karolina Perekitko (Winspace) poloniarra.

Basque Teameko bekea duen txirrindularia oso pozik agertu da lasterketearen ostean, Egia esan, oso pozik nago bigarren postuagaz. Lasterketea nahi bezela joan da eta beti izaten genduan lagun bat igesaldi guztietan, Idoia, Usoa, Lourdes... Danak batera heldu gara azken igoerearen hasierara eta talde osoak lan bikaina egin dau. Oso harro nago talde honegaz. Gaurkoa bigarren postua izan da, baina holan jarraitzen badogu, badakit garaipena laster helduko dala. Beraz, eskerrak emon nahi deutsedaz talde osoari eta lankide guztiei egin daben lanagaitik.

Emakumezkoen CV Itzulia (1.1), zezeilaren 4an, domekan, eta World Tourreko UAE Tourra, zezeilaren 8tik 11ra, izango dira taldeak jokatuko dituan hurrengo lasterketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu