Azkuna Zentroak ume, gazte eta familientzako musika jarduera bi dakarz

Bizkaie! 2024-01-18 08:13   Musikea

LaEnanaNaranja-ren Zimurren artean kontukantari 3-ren estreinaldia eta Caspervek taldearen Las aventuras del Príncipe Achmed.

Datozen asteetan, Azkuna Zentroak ikuskizun eszeniko bi eskainiko ditu, zuzeneko arteen bidez publiko horreen sensibilidadea eta jakin-mina pizten saiatzeko. LaEnanaNaranja-k Zimurren artean kontukantari 3 estreinauko dau eta Caspervek Ensemble taldeak Las aventuras del Príncipe Achmed kontzertua eskainiko dau.

Zapatuan, urtarrilaren 20an, 18:00etan, Zimurren artean kontukantari 3-ren txandea izango da, belaunaldi zaharrei egindako omenaldi legez pentsauta dago eta jakinduriaz eta umorez betetako hamar abesti barri ditu, ume, gurasok eta aitita-amomek jantzan egin eta kantau deien. Belaunaldien arteko bidaia honetan, lagun egiten deutsen txotxongiloak dira protagonista.

Sandra Fernandez Agirrek interpretauta, Zimurren artean kontukantari 3 ikuskizunean Ma da protagonistea eta oso lanpetuta dago azken aldian eta, beraz, amomaren etxean itxui dau umea. Nanuk, adi-adi entzungo ditu amomak zimurren artean ezkutatzen dituan istorioak, baina Kanutok zaunka etengo dau jarduna, izan be, etxea miatzen ebilela, aititaren txapela zaharra topau dau. Jakinduriaz betetako txapela.

Kontukantari 2014an sortu zan, umeentzako kalidadeko eszena eta musika-eskaintzea sortzeko asmoz. Txotxongiloen laguntzaz, proposamen musikal honek gogoan ditugun abestiak hartzen ditu, reggae, rap, blues eta beste erritmo batzuetara eroanez. Kontukantari (2014) eta Kontukantari 2, mendian ibiltari (2017) lanen ondoren, euskal txotxongilolarien konpainiak Kontukantari 3 Zimurren artean kontukari estreinauko dau.

Caspervek Ensemble taldeak Las aventuras del Príncipe Achmed eskaniko dau urtarrilaren 28an, 18:00etan. Galiziako taldeak musikea jarriko deutso zuzenean Las Aventuras del Príncipe Achmed (1926) filmari, gorde dan historiako animazino-film luzerik zaharrenari. Caspervek-ek Las aventuras del príncipe Achmed filmarako egindako partitura taldearen arrakastarik handienetako bat izan da. Partitureak bere ohiko estiloagaz hausi eta filman agertzen diran eskualde askotako sonoridadeetan sartzen gaitu. Brais Gonzálezek sortu dau obra honen orkestra-bersinoa. Bertan, Afrika ekialdeko erritmoak, ekialdeko doinuak eta arabiar musikearen ohiko harmoniak nabarmentzen dira.

Istorio honetan, Afrikako azti gaizto batek zaldi magiko bat erabilten dau Kalifa handiari iruzur egin eta bere alaba ederra, Dinarzade, bahitzeko. Dinarzaderen neba, Achmed printze ausarta, abentura handi batean sartuko da arrebea salbetako eta munduko bazter askotatik ibiliko da, arrisku izugarriei aurre eginez, eta maitasuna be ezagutuko dau.

Las aventuras del príncipe Achmed filmako zuzendariak, Lotte Reiniger, silueta-teknika bat sortu eban horretarako, kartoiagaz eta berunezko xafla finakaz egindako ebakinak erabiliz, kamera baten azpian manipulauta. Zinemagile alemaniarrak hiru urte behar izan zituan film hau egiteko. Maila estetikoan Wayang itzalen antzerki asiarrean oinarrituta dago.

LaEnanaNaranja

Titiriteroa bokazinoz, Bilbon sortu zan 1999an. Artistearen ibilbidean, ondokoak nabarmentzen dira Kontukantari trilogia musikala, mahai txotxongiloakaz egindako antzezlanak: Lolo; 215. Eskakizuna, Imundo; Hesi-Puskatzailea eta Ma; Tren Taupadak; eta Altzoko Handia txotxongilo-operea, Donosti 2016 eta Topic, Tolosako Txotxongiloen Nazinoarteko Zentroagaz batera produzidutakoa.

Caspervek Ensemble

2013an sortu zanetik, taldeak 300 aurkezpen baino gehiago egin ditu kontinenteko dozena bat herrialdetan baino gehiagotan. Taldeak soinu-bandak sortu ditu garai mutuko hogeita hamar bat film klasikotarako, hasi Alemaniako Espresionismoaren maisulan handienakaz eta Buster Keatonen filmakaz, abentura-zinema amerikarra barrubatuz. Caspervek leku honeetan ibili da, besteak beste, Conde Duque Kultura Zentroan, Capitol Zinema-aretoetan, Estoniako Arte Museo Nazionalean (KUMU), Letoniako Baltais Fligelis Auditorio Nazionalean, Budapesteko Flux Galerian eta Kopenhageko Lytgen Station-en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu