'Hasiera bat', Gorka Urbizuren bakarkako lehenengo diskoa plazan

Bizkaie! 2024-01-15 09:20   Musikea

Diskoaren aurkezperna, urtarrilaren 17an, Lekunberrin.

Izan eitekezan beste batzuk, baina honexek dira: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat, Besterik ez.

Kantuaren muinerainoko bidaia dirudi Hasiera bat diskoak. Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazino oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitau egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu... euren soiltasuna agirian itxi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen be, hatxa bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor.

Ikusmenak itsututa gagoz dino Urbizuk, eta ezustean kaleratu dauen lan honegaz bost zentzumenez entzuteko gonbitea luzatzen deuskula dirudi. Gelditu eta entzun. Barrutik soilik edegi daitekezan ateak edegi. Garbitu zarata. Beharrezkoa dana esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko danaren bildurrik barik.

Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi-pistako analogiko xume bat, horrexek izan dira doinuok soinuz jasoteko lanabes oinarrizkoak. Aurreretxi danak alboratuta, beste nonbaitetik sortzeko apustua egin dau Berri Txarrakeko abeslari ohiak: Soildu eta soildu, muina ikutu arte: Hazurra. Egia. Egia bat.

Egungo gure biziteko modu frenetikoaren ifrentzua da Gorka Urbizuren Hasiera bat lana, berbearen eta kantuaren sortze lanak eskatzen daben patxadaz ondua. Barrura batzeko gonbite bat eta deslilurarentzako lekurik ez dagoan toki sekretu bat. Munduaren basakeriaren aurrean edertasun dosi bat eskaintzeko ahalegin gordin bat.

Jordi Matasek produziduta, bere biluzian erpin ugari erakusten dituan diskoa da hau. Maitasunez eta maitasunaz egina. Ez alde egin denporea baino lehen. Helduko da. Heldu da. Eta hau, hasiera bat baino ez da. 2024an zuzenekoetan ikusiko dogu elkar.

Entzun: Teoria bat 

Gorka Urbizu Ruiz (Lekunberri, 1977)

Musikari, konpositore eta produktore euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista izandakoa, besteak beste, kantugintzan eta letragile lez egindako bideagaitik da ezaguna.

14 urte besterik ez zituela sortu eban bere lehenengo taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eroateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua daroa egile nafarrak. Berri Txarrakegaz mundu oson mila kontzertutik gora emoteaz gan, hainbat egitasmo interesgarri jarri izan ditu martxan, gustu musikal eklektikoa eta etenbako bilaketa artistikoa erakutsiz, besteak beste, Katamalo (poesia eta musika akustikoa nahastauta edo Peiremans + (power pop doinuetatik gertuagoko taldea).

2024ko urtarrilean, ezustean Hasiera Bat diskoa kaleratu dau, bere izen propioagaz sinatzen dauen lehenengo lana da hau, modu horretan hainbat urtetako isilunea urratuz. Impasse aro honetan, baina, Gorka Urbizu ez da geldirik egon, besteak beste, produkzinoaren munduan sartu da (La M.O.D.A. taldearen Nuevo Cancionero Burgalés diskoarekin egin eban debuta 2022an); era berean, hainbat kolaborazino grabau ditu, esaterako Cala Vento Gironako taldeagaz Casa Linda diskorako egindakoa.

Teoria bat

Alexander Cabeza Trigg izan da kantuari irudiak jarteko ardurea izan dauen zinemagilea. Diskoa bere osotasunean kaleratua izan bada be, hauxe hartu geinke Gorka Urbizuren bakarkako debutaren lehenengo single moduan.

Dokumentalista gaztea, bere 16mm kamera eskutan, Guissonako (Lleida) Teatre de Ca l’Eril antzokira gerturatu zan 2023ko udan, Hasiera Bat diskoko grabaketa sesioak bertatik bertara ikusi eta filmetako. Material horrexegaz ondu dau piezea, hain zuzen be, bertan bizitako giro berezia jaso eta Gorkaren alboan izan diran musikarien arteko konplizidadea islatzeko asmoz: Jordi Matas, Joan Pons, Ferran Palau eta Ildu.

CD eta viniloaren PRE-ORDER-ra egiteko LINKa

Fitxa teknikoa

  • Teatre de ca l’Eril-en grabautakoa (Guissona, Lleida, Katalunia).
  • Produkzino, grabazinoa eta nahasketa arduraduna: Jordi Matas.
  • Koorodukzinoa, grabazinoa eta nahasketa laguntzailea: Joan Pons.
  • Masterizazinoa: Dave Cooley, Elysian Masters estudioan (Los Angeles, Kalifornia, AEB).
  • Musika eta letra guztiak: Gorka Urbizu.
  • Grabazino sesioetako musikariak: Gorka Urbizu: Ahotsa eta gitarra.
  • Jordi Matas: Baxua, gitarra eta teklatuak. Bateria Sute bat kantuan.
  • Joan Pons: Batera Janela bat, Maitasun bat eta Besterik ez kantuetan
  • Ferran Palau: Bateria Tren bat eta Kolore bat kantuetan
  • Ildefons Alonso ‘Ildu’: Bateria Toki bat, Teoria bat eta Lilura bat kantuetan
  • Azaleko margolana: Heather Horton.
  • Diseinua: Ander X. Tejadas.
  • Promozino argazkiak: Ibai Arrieta.
  • Azpizigilu Bat / Only In Dreams-ek argitaratua.
  • Managementa: Panda Artist Management.
  • Webgune ofiziala: www.gorkaurbizu.eus

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu