Eusko Jaurlaritzeak 37 entidade publiko eta pribaturen lana atortu dau

Bizkaie! 2023-12-14 08:09   Euskerea berbagai

Euskerearen kudeaketan egin daben lanagaitik.



Euskerearen erabilerearen autortza ekitaldia egin dabe bart Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan erakunde publiko eta pribatuek euskerearen kudeaketan eta garapenean emon dituen aurrerapausoak autortu dira. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da ekitaldiaren buru eta beragaz batera izan da Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran be.

Aurtengoa ekitaldi berezia izan da joan dan bagilean erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskereak dauen garapen-mailea ebaluau, egiaztatu eta autortzeko sistemea arautzen dauen dekretua onartu zanetik lehenengoa izan dalako. Dekretu barri horrek Bikain kalidade ziurtagiriak arautzen zituan dekretua ordezkatu eban eta ondorioz, oraingo ekitaldian Bikain ziurtagiriez gan, beste bereizgarri eta autortza batzuk be emon dira, besteak beste, Harrobi diplomak. Helburua euskerearen normalizazinorako pausoak egiten dituen ahalik eta entidate gehienen autortzea egitea da euskerearen normalizazinoa erakunde gehiagotara heltzeko jarrerea erakutsiz. Orain arte Bikain ebaluazino sistematik hiru maila baino ezin zituen lortu entidadeek, hau da, goi-mailakoa, erdi-mailakoa eta oinarrizkoa. Orain, barriz, Euskara Barra Barra bereizgarria eta Harrobi diplomea autortzak gehitu jakez. Honako honeek dira beraz, autortza mailak:

1. Harrobi ziurtagiria. Barria da. Euskerearen kudeaketan lehen pausoak emoten dituen entidade pribatuen artean euskerearen erabilerearen sustapena egiteko konpromisoa hartzen dabenei emongo jake. Ebaluazino bide honetan BAI Euskereari alkartearen lankidetzea izan dau Eusko Jaurlaritzeak.

2. BIKAIN: Euskerearen Kalidade Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzeak 2008tik emoten dauen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta dobakoa da. Euskerearen erabilerea suspertu nahi izan daben erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin deutsee Bikain ziurtagiriek, baita euskerearen normalizazinoan egindako lana autortu be. Hiru egiaztatze maila dagoz: Oinarrizkoa; erdi-mailakoa; eta goi-mailakoa.

Autortza maila horreek ezarrita ebaluazino prozesua eraginkorragoa da, autortza barri biei esker entidade pribatuek euskerearen kudeaketan lehenengo pausoak erraz egin ahal izango dituelako eta harrobi izango diralako Bikain ebaluazinoan sartzedko.

Aurten gainera e//-Euskaraz Barra-Barra Bereizgarria be jarri da martxan eta hau euki nahi dituen entidadeek euskaldunei estres linguistikoari aurre egiteko neurriak hartuko ditue eta erabiltzaile edo bezeroek euskeraz berba egin ahal izango dabe, lasaitasunez. Gaur egun 153 udalerrik egin dabe bat ekimenagaz eta ekitaldian autortza berezia egin nahi izan jake Euskaraz Barra Barra bereizgarriagaz bat egin daben udalerriei.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazo dauenez, euskerearen sustapenak zehar lekorrokoa izan behar dau eremu sozioekonomikoan, euskerea lan hizkuntza izateko hizkuntzen kudeaketa sistema jakin bat edo hizkuntza politika zehatz bat izatea esan nahi dau horrek. Edo zerbitzu hizkuntzeari begira jarri ezkero, erakundeak emoten dauen kanpo zerbitzuaren kalidadeaz be bagabiz. Duda barik, bezeroari bere hizkuntzan zerbitzua emotea zerbitzu bikaina emoteko oinarrizko gakoa da. Zupiriak gaineratu dauenez, euskerearen kudeaketaren ekarpena etorri daiteke, besteak beste, gizarte erantzukizunetik, kalidadearen ikuspegitik edo barrikuntzearen ikuspegitik. Geugaz hartu-emonetan zagozen erakundeek erakutsi deuskuzue zehar lerroko eremu horreetan arretea jarriz aurrera egiteak onurea sortzen dauela zuen erakundeetako produktuetan, onurea sortzen dauela prozesuetan, baita personen ongizatean eta zuon irudian be.

Zupiria sailburuak nabarmendu dauenez, euskerea gainerako hizkuntzakaz batera sustatzeak onurak dakarz, hau da, balio instrumental garrantzitsua dau. Baina gurean eta hizkuntza politikatik, baita balio humanitarioa be. Geurea lako hizkuntza gitxituek gainerako hizkuntza hegemonikoakaz biziten jarraitu eta lekua izateko, ezinbestekoa da gure erakundeetako sistemetan integretako erabagiak hartu eta baliabideak ezartzea. Holan, euskerearen erabilerearen autortza ziurtagiria jaso daben erakundeen lana eskertu dau sailburuak: Eskerrak emon nahi deutsuedaz, zuen lanak esangurea emoten deutsolako orain 30 urte Eusko Jaurlaritzatik ekindako bideari.

Autortzak

Aurten, danetara, 37 entidade publiko eta pribatuk jaso dabe ziurtagiria. Harrobi ziurtagiria 17 erakunde pribatuk jaso dabe eta Bikain ziurtagiria 14 entidade pribatuk eta 6 publikok:

· Harrobi ziurtagiria:

o AZURMENDI ENEA, S.L.

o Fundación Lantegi Batuak.

o Eragintza Fundazioa.

o TAZEBAEZ, S.COOP.

o Bruss Juntas Técnicas SL, S. en Com.

o FUNDACIÓN ARGIA FUNDAZIOA.

o Bizkaiko Kirol Federakundeen Elkartea.

o Academia Bastida S.L.

o ONDOAN S.COOP. (Zamudio, Arrasate, Gasteiz eta Donostia).

o EKOLUR ASESORÍA AMBIENTAL, SLL

o KATEA LEGAIA, SLL

o Kastore Gest S.L.

o EL CORTE INGLÉS, S.A. (Gasteiz eta Bilbo).

o Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea.

o ALET TALDEA, S.L.

o BEHINGOZ

o BELMEK

· Oinarrizko Bikain ziurtagiria:

o LUDOLAND SL

o MUTUALIA BIZKAIA.

o GIPUZKOAKO FUTBOL FEDERAZIOA.

o EUSKALIT.

o Bilboko Eleizbarrutiko Caritas.

· Tarteko Bikain ziurtagiria:

o Farmazia Prestazinoko Zerbitzua-Osasun Saila (Eusko Jaurlaritzea).

o Osasunaren Sustapeneko unitatea. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza. Osasun Saila (Eusko Jaurlaritzea).

o Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza. Jagoletza epidemiologikoa (Eusko Jaurlaritzea).

o ZABALTZEN SARTU KOOP. ELK.

o CAF IRUN.

· Goi mailako Bikain ziurtagiria:

o GOIMEK S COOP.

o CIKAUTXO SCOOP.

o FAGOR INDUSTRIAL SCOOP

o KAPLAN PUBLIZITATEA SL (IZENADUBA BASOA).

o FAGOR EDERLAN S.COOP (BULEGO OROKORRAK).

o KURUTZIAGA IKASTOLA SCOOP.

o ELAY LAN SL.

o Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzea (Eusko Jaurlaritzea).

o ZUZENEAN Zerbitzua. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila (Eusko Jaurlaritzea).

o Kultura eta Hizkuntza Politika saila (Eusko Jaurlaritzea)

Konpromisotik Bikaintasunera

Aurtengo ekitaldiaren irudia hari mataza koloretsu bat da eta Konpromisotik Bikaintasunera lemapean ospatu da. Kolore ezbardinetako harien joan-etorriak sortzen dauen mobimentua irudikatzen dau matazeak: gorria, baltza, urre kolorea... guztiak ala guztiak alkarren ondoan, aurrera eta atzera doaz, alkar gurutzatuz, alkarren ondoan jarriz... hari kolore bakotxak bere ekarpena egiten deutso matazeari; bere kolorea jarten deutso matazeari, eta danen batureak sortzen dau mataza osoa. Hori irudikatu nahi izan da euskerearen kudeaketan ekarpen berezituak egiten dituen erakundeen arteko hartu-emonak eta osotasuna adierazoteko. Bakotxak, bere ahalmenetik, bere tokitik, bere keinua eginez... ekarpena egiten deutso euskereak lan munduan lekua izateko ahaleginari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu