III. Gabonetako Organo-Zikloa Getxon

Bizkaie! 2023-12-12 09:53   Musikea

Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Elkarteak atondu dau.

Kontzertuak abenduaren 22 eta 27an eta urtarrilaren 4an izango dira, Algortako San Nikolas de Bari parrokian, iluntzeko 20:00etan eta sartzea doban izango da. Algortako Merklin Organoaren Lagunen Alkarteko presidenteak, Pedro Guallarrek, ondokoa adierazo dau: Ekimen honen helburua Gabonetako egun honeek aprobetxetea aldarrikatzeko Bariko San Nikolas parrokiako organoaren kalidadea eta eskaintzen dituan aukera ugariak zabaltzea. Programea askotarikoa eta kalidadekoa izango da eta ospe handiko interpreteen esku egongo da.

Lehenengo kontzertuan, hilaren 22an, barikuan Peio Irigoien txistulariak eta Iñaki Arakistain organisteak joko dabe. Bihodi Proiektuaren bultzatzaileak dira biak eta horren bitartez, tradizinoa eta modernidadea buztartuz, musikearen aurrean daben pasino transmitidu nahi dabe, publikoari errepertorio zabala eskainiz.

Eguaztenean, hilaren 27, izango da Andrada anaien txandea: Xabierrek (biolina) eta Andonik (organoa); gazteak izan arren, entzutea handiko ibilbide musikala dabe.

Eguenean, urtarrilaren 4an, zarratuko dau zikloa Bilboko Coro Ars Viva Abesbatzak; Yolanda Quincoces izango da zuzendaria eta Pedro Guallar organistea.

Algortako Merklin organoa

1908an eregi eben, Parisko Manufacturas de Grandes Órganos J. Merklin Cie tailerretan, Algortako San Nikolas de Bariko eleizarako. Sasoi haretan 28.500 pezetako kostua izan eban, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak ordaindu ebana. 2019an, parrokiako eleiztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadeari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharbarritu eban.

Estilo erromantikoa dau, haretxezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazinoan eregiak. 56 notatik gorako eskuzko tekladu bieta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat barritu diranak, bai eta elikatzen dituan haizagailu elektriko isila be.

 



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu