Campos Eliseos Antzokiak Bilbao Musika Eskolaren kontzertua hartuko dau

Bizkaie! 2023-12-11 09:19   Musikea

Kontzertua, gaur, hilak 11, arratsaldeko 19:00retan izango da.

Publiko guztientzat diseinautako emonaldia izango da eta 19:00retan hasiko da. Urtero lez, Bilbao Musikako instrumentu talde handiek hartuko dabe parte eta jokera eta estilo askotako obrak interpretauko ditue, publikoa jai giroan sartzeko.

Eskolako espezialidadeetako ikasleen emonaldiez gan, kolaborazino bereziak be izango dira: Bilboko Ikastetxe Alemaneko kantari bi (Deutsche Schule Bilbao), Ondarruko Txistulariak eta APNABI Autismo Bizkaia alkarteko kideak. Bilbao Musika Eskoleak APNABIgaz lankidetza estuagoa hasi dauela aprobetxauta, Campos Eliseos Antzokira eroango dabe euren musikea. Sartzea doban izango da lekua bete arte.

Guztien artean, 130 persona baino gehiagok joko dabe Campos Eliseos Antzokian. Ikuskizunak ordu eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta ikusleek askotariko musika taldeez gozetako aukerea izango dabe, besteak beste, orkestrak eta bandak, pianoa eta kontrabaxua, harizko instrumentuak eta txistuak. Edade guztietako ikasleek hartuko dabe parte eta taldeak eskolako irakasleek zuzenduko ditue eta, kasu batzuetan, interprete bezela be jardungo dabe, ikasleei lagunduz.

Kontzertua Izaro Urrutia (pianistea) eta Beñat Mozoren (kontrabaxua) emonaldiakaz hasiko da. Ondoren, Bilboko Ikastetxe Alemaneko Adriana Fernández eta Cristina Pet abeslarien txandea izango da. Cristina eta Adriana lehen eta bigarren sariak irabazi ditue, hurranez hurran, Oldenburgen (Alemania) bagilean egin zan Jugend Musiziert lehiaketan. Marcus Englert piano irakasleak be, obra bi eskainiko ditu.

BarRock Taldea izango da hirugarrena oholtzara igoten, eta ondoren Ondarruko Txistulariak izango dira protagonista, En Tol Sarmiento taldearen Mendian Gora edo Zurekin bat abestiak eskainiz. Talde ondarroarrak 1996an ekin eutson ibilbideari eta ordutik hainbat udalerritako alardeetan parte hartu dau, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Horrezaz gan, APNABI-ko kideek Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Din Dan Don gabon-kanta ezagunak abestuko ditue, eta Bilbao Musika Eskolako Hari Taldeko zein Hari Hastapeneko ikasleek, Helen Butterworthen Flop-eared Mule eta P. Martinen Santa 's workshop lako abestiak joko ditue.

Hitzordua Bilbao Musika Eskolako Bandearen eta Orkestrearen emonaldiakaz amaituko da: A Disney Spectacular, The Greatest Showman, Uptown Funk, Mamma Mia edo Radetzky Martxa izango dira jardunaldiari amaierea emongo deutsen obretako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu