‘Argizagi’ animazinoko telesailaren proiektuak irabazi dau aurtengo Sormen Bekea

Bizkaie! 2023-12-11 07:50   Kulturea

Argizagi animazinoko telesailaren proiektuak irabazi dau aurtengo Sormen Bekea

Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbideren Marramiau Sorkuntza Taldeak irabazi dau 2023ko Sormen Bekea, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko animazinoko telesailaren proiektuari esker. Aurtengo deialdia, umeen eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da. Horregaitik, Saguganbaran egin da saria emoteko agerraldia.

Epaimahaian izan dira: Amaia Henneboute (antzezlea), Ana Revuelta (Artaziak hezkuntza artistikorako ekimena), Josu Bergara (sortzailea eta marketin aditua) eta Martxel Zubia (Berbaro alkarteko kidea eta Saguganbarako arduraduna). Epaimahaiaren ustez, euskereak eremu digitalean dauen beharrari erantzuten deutso egitasmoak, umeei zuzendutako kalidadeko edukia plazaratuz. Proiektu transbersala eta multidiziplinarra izatea nabarmendu dau eta eremu pedagogikoan ekarpena egin leikela be bai. Epaimahaiak beren-beregi azpimarratu dau hizkuntzearen eta balioen transmisinoan izan leiken eragina.

Nerea Mujika Gerediagako presidenteak aurkeztu dau ekitaldia eta Sormen Bekearen balioa nabarmendu du: Orain dala sei urte jarri genduan martxan Sormen Bekea: Atopia, Kai Nakai, Bañolet, Barraka, Eukalyptus... literaturan, musikan, ikus-entzunezkoan, mundu digitalean eta arte eszenikoetan hasibarriak ziran sortzaileei lagundu deutsegu... hasierak gehienetan zailtasunez beteak izaten dira eta hor egon gara. Durangoko Udala bidelagun izatea eskertu dau Mujikak, izan be, udalak 12.000 euroko laguntzea emoten dau guztira 15.000 eurokoa dan bekea sortzeko. Saridunek urtebeteko epea izango dabe proiektua gauzatzeko eta 2024ko Durangoko Azokan aurkeztuko dabe emoitzea.

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazo dau sortzaile hasibarriak babestea dala bekearen helburua: Bost edizinotako ibilbidea oparoa izan da. Oso lan interesgarriak bultzatu ditugu guztiok elkarrekin. Euren sorkuntza prozesuetan laguntzeaz gain, sortzaile moduan hazi egin dira euretako gehienak, Sormen Beka DA! lehiaketari esker, esan du alkateak.

Kontuak kontu, sortzaileek bekea emon izana eskertu dabe: Lehenik eta behin, eskerrik asko Gerediaga eta Durangoko Azokeari. Oso eskertuta gagoz aukera hau emon deuskuelako, ez genduan espero. Gogotsu ginan umeei zuzendutako animazinoko serie bat egiteko, esan dabe prentsaurrekoan. Marramiau taldekoen arabera, lehendik hasita eben proiektua, hiruen interes artistikoak batzen ditualako, bikoizketa, hain zuzen be, irudia eta audioa. Gidoia idazteko fasean dabiz orain eta prozesua ilusinoz bizi dabe.

* Proiektuaren sinopsia:

Argizagi animazino seriea bat da, 5-10 minutu inguruko 5-6 kapituluko iraupenekoa. Bertan, Izei lurtarraren abenturak ikusiko ditugu Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Honeek kontziente izan barik urteak zarratuta egondako planeta bien artean bidaiatzea ahalbidetzen dauen argi-zubi bat edegiko dabe, galaxiaren ongizatea arriskuan jarriz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu