Ehun argitalpen baino gehiago BFA-ren eta Bizkaiko museoen guneetan

Bizkaie! 2023-12-07 12:52   Kulturea

Lurraldeko kulturearen nahiz museoen aberastasunaren erakusgarri.

BFAren nobedadeak Barrenkaleko 26,27 eta 28 postuetan egongo da eta argitalpen ugari izango ditu gai askori buruzkoak, besteak beste, kirola, gastronomia, paisaiak, ikusizko arteak, naturea, mitologia eta mendia.

Lan horreek guztiak Aldundiaren saltokian erosteko aukerea izango da, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen webgunean be: www.bizkaia.eus/argitalpenak.

Era berean, Bizkaiko museoen erakusmahaiak, 37. eta 38. postuetan, 65 argitalpeneko bilduma bat eskainiko dau, lurraldearen alderdi historikoak jasoten dituen aleak, hain zuzen be.

Durangoko Azokarako aurkezpenak

Hogei nobedade baino gehiago aurkeztuko dira, horretako batzuk areto nagusian (Talaia gunean) merkaturatuko dira estreinako:

Abenduaren 8an, 18:30ean, Txakomic aurkeztuko da, komikia eta txakolina lotzen dituan liburu biko argitalpena. Aurkezpenean, Mikel Begoña gidoilariak eta Kike Infame ilustratzaileak parte hartuko dabe eta eurekaz izango ditue Aixa Gaztelu, Txakolingunearen zuzendaria eta Maider Zalduondo, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturea Arautzeko Kontseiluaren ordezkaria.

Beste alde batetik, 19:30ean, Joseba Sarrionaindia idazleak, Esteban Montorio ilustratzaileak eta Leire Irazabal Euskal Herria Museoaren zuzendariak Markos Gimenoren 101 Letrakartel argitalpena aurkeztuko dabe. Horrezaz gan, egun berean, 18:00etan, Joseba Sarrionandia Bizkaiko museoen erakusmahaian egongo da, aleak sinatzen.

Beste liburu bi aurkeztuko dira: Txakomic eta Markos Gimenoren 101 letrakartel. Bigarren argitalpen hori Pamiela argitaletxearen saltokian be egongo da salgai.

58. Durango Azokarako argitalpen barriak

Martxanterak liburuak, Marta Goikoetxeak idatzi eta Iñaki Landak ilustrautakoak emakume nekaezin batzuen historia dakar.

Juan de Zubileta, abentura itzela komikian Juan de Zubiletaren historia ezagurtuko dogu.

'Ertibil Bizkaia 2023’, Jon Andoni Goikoetxearen Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltariaren katalogoa be (XLI edizioa) nobedadea izango da Durangoko Azokan.

Azkenik, BFA-k Jorge Lamasen Pilares Invisibles liburua be aurkeztuko dau. Atzera begirako argazki-liburua, joan dan mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan ataratako erretratuak batzen dituana, gehien-gehienak Bilbo Handiko industria-gerrikoan ataratakoak. Lamasen lanean azaltzen diran irudiak zuri-baltzean osotutako artxibo analogiko baten parte dira, askotariko formatuak dituenak eta orain arte inoiz positibau edo erakutsi bakoak.

Museoetako barritasunak

Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Lumon dauen Euskal Herria Museoak beste kontakizun bat dakar azokara, Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburuaz gan: Gernika Uruguain, fruitua zabaltzen. Gernikako Arbolaren lehen kimuak Uruguain sartu ziraneko historia, baita arbolak urruneko lurrotan dauan sinbolismoa be.

Arkeologi Museoak Santimamiñeri buruzko gida bat aurkeztuko dau.

Bilboko Arte Ederren Museoak argitalpen barri bi eroan ditu Durangora: ‘Corinne Vionnet, Vanessa Winship, María Azkarate. Bilbao Metropoli 30-30-30’: erakusketa bisual bat, 78 argazkitan erakusten dauena azken hiru hamarkadetan Bilbo eta metropolialdean izan diran aldaketak, ikuspegi bakanetatik begiratuta eta askotariko interesetatik abiatuta. Horregaz batera, Miriam Alzuriren eta Oier Etxeberriaren «That Time» katalogoa erakutsiko dabe.

Enkarterrietako Museoak be erakusketa bati loturiko argitalpen bat dakar: ‘G.A. Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean’. George Alexander Dick-ek margotutako paisajeen ikusizko kronika bat, eskualde horren XIX. mendeko historia eta edertasuna erakusten dituana.

Euskal Abertzaletasunaren Museoak Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza, 100 urte izeneko argitalpena eroan dau 58. Durangoko Azokara. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena ospatzeko, mobimentu horren ekarpenak eta ibilbidea aztertzeko.

Plasentia de Butrón Museoak argitalpen barri bi izango ditu azokan. Alde batetik, Historia Local y Marítima de Plentzia. XX Estudios. Inéditos, Plentziako historiari buruzko 20 artikulu batzen dituna.

Beste alde batetik, Vicente Blasco Ibáñezen El Intruso eleberriaren egokitzapen bat, irakurketa errazerako moldatua.

Bizkaiko Museoen gunean topauko dozuez Abel Ariznabarretaren argitalpen bi: ‘Auzobizitza Diman 1800-1936’ eta ‘Etnokaierak’. "Espazioa eta denboraren dimentsioak bizitza tradizionalean" da Antzasti Museoa orain urte bitik hona jorratzen dagoan proiektu nagusietako baten izenburua. Lan horren emoitzea da, hain zuzen be, "Etnokaierak" argitalpen bildumea.

Azkenik, barrikuntzen artean, Euskerearen Etxearen Hostopostoak argitalpena be topau zeinkie Bizkaiko museoen gunean. Miren Agur Meabe Plaza idazleak egindako ilustrautako albuma da, Asier Iturralde Gastonek ilustrautakoa.

Itsasmuseumek, barriz, Ondare-Ibilbideak Bilboko Itsasadarrean 10: Maritimidades bilduma. Colección Especializada de Estudios Marítimos aurkeztuko dau, Isusko Vivaas Ziarrustaren eta Amaia Lekerikabeaskoa Gaztañagaren argitalpena.

Azokan eskainiko diran lanek aukera aparta eskaintzen dabe Bizkaiko historia eta kultura aberatsa eta gure lurraldeko paisajeak ezagutzeko eta ezagutza hori aberasten eta irakurketea sustatzen laguntzen dabe. Lan guztiak egongo dira eskuragarri Durangoko Azokan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu