Badator Durangoko Azokearen fantasia!

Bizkaie! 2023-12-04 13:11   Kulturea

Abenduaren 6an, goizeko 10:30ean edegiko dira Landako Guneko ateak.

Beñat Gaztelurrutia. Erretratua: Gerediaga | Ikusi handiago | Argazki originala



Egun bi baino ez dira falta 58. Durangoko Azokeari ekiteko. Eguaztenean, 10:30ean edegiko dira Landako Guneko ateak eta domekara bitartean euskal kulturearen erdigune bihurtuko da. Badator sormena, badator magia, badator Durangoko Azokearen fantasia!

Abenduaren 6an eguerdiko 12:00etan egingo da aurtengo edizinoaren inaugurazino ekitaldia, Szenatokian (San Agustin kulturgunean). Atontzaileek eta erakundeetako ordezkariek egingo dabe berba eta horrezaz gan, sormenak be izango dau lekua, izan be, jantza, pintura eta musikea buztartzen dituan Dama arte performace-a estreinauko dabe Amaia Lejarreta artista plastikoak eta Janire Etxabe jantzari bertikalak.

Durangoko Azokea uniberso berezi bat da, irudimenez eta emozinoz jositakoa eta bere fantasiaren barruan harrapatzen gaitu. Aurtengo egitarauan 265 ekitaldi jaso dira, zein baino zein interesgarriagoak. Aurkezpenean esan bezela, ekintza ugari, aktuala eta gaztea izango da eta lehen eguna be horren erakusgarri izango da. Sarrerako ekitaldiaren ondoren, gunez gune danetarik topauko du kulturazaleak:

- Ahotsenean (Musika Eskola) Esti Martinezek, Oihane Amantegik eta Bernardo Atxagak liburuak aurkeztuko ditue. Ahotseneako zuzenekoetan (Plateruena) Nogen taldearen folk-rocka eta Esanezin proiektuaren pop melodikoa entzun ahal izango dira; gainera Yogurinha Borovaren kontzertua fantasia hutsa izango da.

- Irudienean, dokumentalek hartuko dabe protagonismoa, Gure Zirkuari buruzko lanaren aurrestreinaldiagaz, Bidasoa 2018-2023 filmaren barriketaldia eta Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat dokumental historikoaren proiekzinoagaz.

- Kabia plaza digitalean, teknologia barrien eta errealidade birtualaren munduan sartuko gara; adibidez, irakurketea errazten dauen lupa bat aurkeztuko da, adimen artifizialaren geroaz hausnartzeko aukerea be egongo da eta nerabeei lehen eskuko telefonoa noiz eta zelan emon kudeatzeko gida bat azalduko da.

- Saguganbaran, imajinazinorako txokoa izango dabe umeek eta familiek: Hizki Pizti, ikas dezagun irakurtzen eta idazten izeneko tailerrean parte hartu ahal izango dabe. Hiru libururen aurkezpenak eskainiko dira eta ikuskizun bi be bai: Euskelelea eta Iratxoen kantu sekretuak.

- Azkenik, arte eszenikoen lilurea plazaratuko da Szenatokian (San Agustin kulturgunea). Taulelak konpainia durangarrak Euskaldungak obrea estreinauko dau, eta Mikel Martinezen bakarrizketeak umorez jantziko dau aretoa.

Azokea zabalduko dan eguneko, abenduaren 6ko, egitaraua ikusi hemen.

Horrezaz gan, Durangon zehar erakusketa eta ekimen ugari hasiko dira abenduaren 6an. Aitagarrietako bat Eskuahaldunak eskultoreen alkartearen erakusketea izango da, 80 artistaren 200 bat eskultura jasoko baititu. Lokalaren aurrean, Mikeldi obrearen egurrezko erreplika bat ipiniko dabe, 4 metroko altuerakoa; gaurtik hasita eregiko dabe Durangoko Institutuko Arte Ederren batxilergoko ikasleakaz batera.

Muntaketea, azken txanpan: 4 kilometroko zuntz optikoa Euskaltelen eskutik.

Landako Gunea eta gainerako espazioak azokarako atontzen dabiz egunotan, muntaketa azken txanpan sartu dalarik. Erakusmahaiak kokatu, seinaletikea ezarri, argi eta soinu probak egin... lan guztiak martxa onean doaz. Behar teknikoen artean, esanguratsua da 4 kilometroko zuntz optikoa instalau dauela Euskaltelek. Zerbitzu horrek ahalbidetuta, kalidadeko konexinoa bermatuko da zuzenekoen streaming emonaldietan eta standetako tramiteetan. Ez hori bakarrik, www.durangokoazoka.eus webgunean, orri bakotxean 10.000 bisita jaso ahal izango dira aldi berean, herritarrek egitaraua eta nobedadeak konsultau deiezan. Beraz, zerbitzu garrantzitsua eskainiko da partaideentzat zein kulturazaleentzat. Euskaltelek 20 urte baino gehiago daroaz Durangoko Azokeagaz lankidetzan eta atontzaileek konpromiso hori eskertu nahi dau.

Datozen orduotan argitaletxe eta diskoetxeetako kideak be Durangora etorten hasiko dira, erakusmahaiak liburuz, diskoz eta beste makina bat produktuz horniduteko, holan, Durangoko Azokea sormenez, irudimenez eta fantasiaz beteko da.

Autobusa doban

Durangoko Azokearen antolakuntzeak garraio publikoa erabilteko gomendioa helarazo gura deutse herrira etorriko diran kulturazaleei. Autoa erabiliko dabenek, dobako autobus zerbitzua izango dabe aukeran, Iurretako autopista urtekerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.

Durangoko Azokearen ordutegia 10:30etik 20:00etarakoa izango da. Halan da be, azken egunean, abenduaren 10ean, 18:00etan zarratuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu