Gidabaimenak euskeraz atarateko materiala atondu dabe

Bizkaie! 2023-11-22 12:28   Euskerea berbagai

Ohiturea sortzea eta gazteak erakartea da helburua.

Eusko Jaurlaritzeak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzeak gaur goizean aurkeztu dabe gidabaimenak euskeraz atara ahal izateko materiala. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskadiko Autoeskolen Federazinoko presidente orde Pedro Dávilak aurkeztu dabe Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian. Gaur egun ziklomotor eta kotxeetarako gidabaimenak euskeraz atara daitekez eta gainera autobus eta kamioietarako gidabaimena euskeraz atarateko materiala laster egongo da prest. Gauzak holan dirala, 15 urtetik gorako ikasleek gidabaimenak euskeraz eskuratzeko aukerea izango dabe:

• AM (ziklomotorra), A1-A2 gidabaimenak 15 urtetik gorako gazteentzat.

• B gidabaimena 18 urtetik gorako gazteentzat.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzearen lankidetza honek lau helburu nagusi ditu:

• Gidabaimenak euskeraz ateratzeko aukerak bermatzea

• Bide hezkuntzako formazinoa euskeraz jasoteko aukerea bermatzea.

• Euskeraz formazinoa emon ahal izateko, euskerazko material espezializatua arloko profesionalen eskura jartea (autoeskolak, irakasleak, eskolak...).

• Proiektuari eustea, eguneraketak eta barrikuntzak txertatuz.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaurko prentsaurrekoan adierazo dauenez, egitasmo honen esentzia eragileen arteko lankidetzan oinarritu da. Udalerri askok hamarkada bat baino gehiago daroe gidabaimenak euskeraz eskaintzeko ahaleginean. Kanpainak, erraztasunak, material egokitzapenak... hainbat eta hainbat egitasmo zabaldu izan dira udalerri askotan. Behar horri erantzuna emon guran, Euskadiko Autoeskolen Federazinoaren lidergoaren garrantziaz jaubetuta, Eusko Jaurlaritzeak gogor egin eban lankidetzea indartzeko, izan be, tokian tokiko beharrak behar orokorrak diralako eta era koordinatuan egitasmoa askoz eraginkorrago eta sendoago zabalduko dalako.

Bestalde, Pedro Davila, Euskadiko Autoeskolen Federazinoko presidente ordeak aspaldiko gogoa azkenean egia bihurtzea eragin daben hiru alderdi nabarmendu ditu: bata, Hizkuntza Politikearen konpromisoa; bestea, lantalde sinisgarria osotzea; eta azkenik, Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazinoaren konpromisoa.

Lankidetza honegaz gidabaimenak euskeraz prestatzeko ohiturea sortu nahi da, batez be gazteen artean eta horretarako prozesu entretenigarria, dinamikoa eta barritzailea diseinau da. Danetara, 4 eskuliburu plazaratu ditue, bai papelean, baita online formatuan be. B baimenaren kasuan, eskuliburu bi egin dira, bat laburtua papelean inprimiduko dana eta B osoa, informazino osatuagoa jasoten dauena online formatuan. Besteak papelean eta online egongo dira. Eskuliburuak eta horreen testak, ordenagailuan, tabletetan eta mobikorrean testak egin ahal izateko moduan egokitu dira. Eskuliburuetan, gai bakotxaren hasieran, ikasleak gai horretan ikasiko dauenaren inguruko bideoa txertatu da eta QR bat erabilita ikusi ahal izango da, gainera, azalpen berezia behar daben kontuei buruzko azalpen bideoak be erantsi dira. Webgunea eta aplikazino bat be eskainiko dira, euskeraz.

Proiektuaren hizkuntzearen egokitzapenean hainbat eragilek hartu dabe parte. Materiala euskeraz sortzeko prozesuan UZEI (Unibersidadeko zerbitzuetarako euskal ikastetxea) izan da bidelaguna. Ikasleek erabiliko dituen testei jagokenez, IVAPek (Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundea) itzuli ditu. Lanokaz hasi aurretik Trafikoko eskumena daben erakunde bien arteko lankidetzea ezinbestekoa izan da: Estasu mailako Trafiko Zuzendaritza Nagusia eta EAEko Segurtasun saileko Trafiko zuzendaritzearen artekoa, azterketen hizkuntza trataereari jagokonean. Eta ezin ahaztu, Hezkuntza sailak be martxan jarri dauela Mobikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntzako zikloa euskeraz ikasteko aukerea.

Sortu dan materiala Euskal Herrian lokalizauta dago (argazkiak, eredu diran seinaleak, irudiak...). Material guztia online dagoanez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango dau gidabaimena euskeraz atarateko materiala. Azterketa praktikorako be irakasleentzako euskerazko terminologia lantzeko tresnak eskainiko dira.

Zupiria sailburuak adierazo dauanez, ez da erronkea amaitu, egitura eregi dogu, gizarteratzeko prest dogu baina luzera begirako asmoa da gurea. Ohiturea sortzea eta gazteak erakartea da helburua eta horretarako, proiektuaren sozializazino eta zabalkundea da orain asmoa. Euskeraz sortutako materialak eta ikastaroak ohiko bilakatu nahiko geunkez, gidabaimenak euskeraz eskuratzeko ohitura era natural eta erakargarrian gauzatzea.

Zabalkundearen lehen urrats bezela, Durangoko azokan Gidabaimenak Euskeraz erakusmahaia jarriko dau Euskadiko Autoeskolen Federazinoak egitasmoaren barri emon, materiala erakutsi eta ahalik eta ikasle eta autoeskola gehien proiektura batzen hasteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu