Bizkaiak ‘Gida Bira, gure museoak bertsotan’ jarriko dau martxan Euskerearen Egunean

Bizkaie! 2023-11-21 13:44   Euskerea berbagai

Abenduaren 1ean hasiko da Gida Bira, Bilboko Rekalde Aretoan 19:00retan, Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariaren eskutik.



Abenduren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, Bizkaiko Foru Aldundiak Gida Bira ekimena jarri dau martxan, Euskerearen Etxeak ondutako Bizkaiko foru museo eta aretoen parte hartzeagaz. Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintzea batuko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarria eskaintzeko helburuari eutsiz; hain zuzen, abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an, museo eta aretoetan, bisita gidatuak bertsolarien parte hartzegaz egingo dira eta, esangura horretan, bertsolariek euren ekarpen oparoa egingo deutse gidarien diskursoari, bisitarien gozamenerako.

Aitatu ekimenak euskereak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen dau helburu eta oraingoan, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko Foru Jauregian eta foru museo eta aretoetan, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko asmoz.

Gida Bira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena aurkeztu dabe Isaac Amezaga Euskera Zuzendari Nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskeraren Etxeko Zuzendariak Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariakaz batera.

Isaac Amezagak azaldu dauenez, bertsolariak gidari lanetan ibiliko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari hareen ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz. Amezagak gaineratu dauenez, euskerea, gure ondarea eta gure kulturearen adierazpide garrantzitsuenetako bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, beti be, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko helburuagaz.

Ekimena abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an ospatuko da Aldundiko hamaika espazio askotan eta 13 bertsolari izango dira protagonista: Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artisteari buruzko erakusketan parte hartuko dau. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriartek eta Janire Arrizabalagak Gernikako Euskal Herria Museo bisitauko dabe. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskerearen Etxeko Euskerearen Interpretazino Zentroko erakusketa barrituan sartuko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoan Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketeari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko Abasolo Abarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitauko dau. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo daben Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko dau. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitauko dau eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko Foru Jauregian barrena ibiliko da bertsotan.

Egitaraua

Abenduaren 1ean hasiko da Gida Bira ekimena, Bilboko Rekalde Aretoan 19:00retan, Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariaren eskutik.

Abenduaren 2an, barriz, 12:00etan Euskerearen Etxean Oihana Bartra eta Miren Amuriza ibiliko dira bertso bisitea egiten. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan 12:30ean Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga ibiliko dira Gida Biran. Egun horretan Bilboko Arkeologi Museoan 18:00etan Asier Galarza izango da bertsotan. Eta Bilboko Ondare Aretoan 19:00retan Koldo Gezuragak parte hartuko dau bisitan.

Abenduaren 3an Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan Ander Elortegik kantauko dau 12:00etan. Egun horretan bertan Muskizeko Pobaleko Burdinolan be izango da Gida Bira 11:30ean Iruri Altzerrekaren eskutik, baita abenduaren 3an be Bermeoko Arrantzaleen Museoan Eneko Abasolo Abarkas izango da bertsotan 12:00etan. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da 12:30ean. Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzen dan egunean, abenduaren 3an, Txakolin Museoa-Txakolingunean Aissa Itxausti bertsolaria izango da 13:00ean.

Azkenik, abenduaren 4an Bizkaiko Foru Jauregiak Garazi Navarro bertsolariaren eskutik eskainiko dau Gida Bira bisitea 12:45ean.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena emon beharko da ezinbestez. Horretarako, jarri hartu-emonetan museo eta aretoakaz:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu