Bost finantza erakundek beste bide batzuk jorratuko ditue euskerearen erabilerea sustatzeko

Bizkaie! 2023-11-17 12:25   Euskerea berbagai

Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa dira.




Finantza erakundeetan euskerearen erabilerea indartzen jarraitzeko martxan jarritako ekimenen barri emon dabe gaur, Donostian, Banka-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoako Sareko zuzendariak eta Iñaki Egizabal Laboral Kutxako Personen Departamentuko zuzendariak egin dabe berba ekitaldian baina bertan izan dira Iñigo Calafell Rural Kutxako Erakundeetako arduraduna Gipuzkoan, Ana Urkiza Bankoa Abancako euskara koordinatzailea eta CaixaBankeko Gaxpar Guembe Instituzinoetako Gipuzkoako zuzendaria be.

Zemendiaren 17tik abenduaren 3ra arte, hau da, Euskereren Nazinarteko egunera arte, bost erakunde honeek Euskal Autonomia Erkidegoan dituen kutxazain guztietan mezu bera agertuko da: Kutxazainetan be euskerea aukeratu. Bai, oso erraza daabankek Nafarroan dituen kutxazainetan be azalduko da. Modu horretan, kutxazainak euskeraz erabilteko gonbita egin deutse bezeroei. Kanpaineak zabalkunde handia izango dau, 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango dalako mezu hori.

Halan da be, ez da martxan jarriko daben ekimen bakarra. Gaurtik aurrera, euskeraz dabizen bezeroari kalidadezko zerbitzua bermatzeko gidea banatuko deutse erakunde horreek EAEn dituen langile guztiei, 4.615, guztira. Nafarroan, Laboral Kutxak eta Kutxabankek dituen langileek be gidea jasoko dabe. Alkarlanean adostutako gidea da eta bost finantza-ereakunde horreetako langileek erabili ahal izango dabe, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Gideak jarraibideak emoten ditu euskeraz jarduteko hautua egiten daben bezeroak artatzeko eta sarritan sortzen dan estres linguistikoa ebitetako laguntzea emongo deutso langileari.

Finantza-erakundeek eragin nabarmena dabe arlo sozioekonomikoan eta euskerearen erabilerea bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide erakusleak dira. Horregaitik, oso garrantzitsua da gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala daben erakundeek euskerearen erabileran urratsak emoten jarraitzea. Herritar gehienek ditue zeozelako hartu-emonak finantza erakundeakaz eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu dabe bost finantza-erakunde. Ondorioz, merkatuan lehiakide diran arren, euskereagaz bat egiten dabe.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazo dauenez, bezeroari bere hizkuntzan erantzutea, zalantzak argitzea edo laguntzea kalidadezko zerbitzua emotearen oinarrizko elementua da. Zerbitzua euskeraz emotea zerbitzua hobetzea da eta horrek bezeroari ez eze, erakunde osoari be onura ekonomiko eta sozialak emoten deutsoz. Sailburuordeak Euskadin hizkuntza ofizial bi dagozala gogoratu dau: Zerbitzua maila berean eta kalidadez emotea dakar horrek, baita hizkuntza gitxituaren berreskuratze prozesuaren parte izanez, positiboki eragitea. Holan, Dobaranek zoriondu egin ditu finantza erakundeak alkarregaz egindako lanagaitik eta herritarrak gonbidau ditu aukera hau erabiltea, hau da, euskerea finantza alorrean be erabiltea.

Beste alde batetik, Laboral Kutxako Iñaki Egizabalek azaldu dauenez, bezeroari gauzak erraz jarri behar deutsaguz finantzei eta euskereari jagokenez eta kutxazainetan euskerea hautatzea erraza da. Bestalde, Kutxabank-eko Marta Madinabeitiak ondokoa aitatu dau: Kudeatzaileen hasierako agurra eta lehen berbak erabagigarriak dira bezeroagazko hartu-emonetan.

Finantza erakundeek euskerearen normalkuntzan egindako ibilbidea luzea da. Eusko Jaurlaritzeak 2007an hiru aurrezki kutxagaz sinatu eban lankidetza hitzarmena eta 2015ean, bederatzi finantza erakundegaz. 2022an sei erakundek sinatu eben eta ordutik alkarlanean dabiz Eusko Jaurlaritzeagaz batera, euren erakundeetan euskerearen erabilerea indartzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Erakunde sinatzaileen helburua da bezero eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena emotea eta horreen beharrak asebetetea. Finantza erakundeek konpromisoa hartu dabe parte hartzen daben edo babesten dituen ekintza eta egitasmoetan euskerearen presentzia sustatu eta bermatzeko. Ez da ohikoa merkatuan lehiakide diran erakunde handiak alkarregaz lan egitea, baina finantza-erakundeek euskerearen erabileera suspertzeko daben konpromiso sendoa erakusten dabe urtero, erronka barriakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu