Durangoko Azokeak 'DA! PRO' topaketea atonduko dau

Bizkaie! 2023-10-19 13:44   Kulturea

Sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen lankidetzea sustatzeko helburuari eutsiz.

Argazkian dagoz, eskerretik hasita: Martxel Zubia (Berbaro), Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Maddi Arana (Musika Bulegoa), Ruth Manzano (Musika Bulegoa) eta Koldo Bilbao (BBK). | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kulturea sendo eta osasuntsu egotea da Gerediaga alkartearen amesa edo fantasia; hain zuzen be, Fantasia DA lemapean garatuko da aurtongo Durangoko Azokea. Euskal kulturea indartzeko urteroko topagunea izan arren, aparteko ekimenak be beharrezkoak dira, halanda ze, norabide horretan jaio zan duela bost urte DA! PRO topaketea.

Aurreko urteetako ibilbideari jarraipena emonez, DA! PRO topaketearen bosgarren edizinoa izango da zemendiaren 28an eta 29an, musikearen eta familia ikuskizunen sektoreetako sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko helburuagaz. Durangoko Azokearen eskutik dator ekimena, eta BBK izango da babesle nagusia. Bertan parte hartzeko inskripzinoa dagoeneko martxan dau www.durangokoazoka.eus webgunean.

DA! PRO topaketean, sortzaileek euren lanak erakutsi ahalko ditue sektoreko programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen aurrean. Aurkezpenak euskeraz izango dira. Zemendiaren 28an, familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko ditue Bizenta Mogel Udal Bibliotekan. Hurrengo egunean, hilak 19, musikarien txandea izango da, Musika Bulegoa alkarteagaz batera atonduta, Plateruena Kultur Aterpean. Jardunaldi biak 09:00etatik 14:00etara izango dira.

Ganera, proposamen guztiak katalogo batean jasoko dira, teknikarien eta programatzaileen eskura jarriz, urtean zehar kontratazinoak egiteko erabilgarri izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu