Durangoko Azokarako proposamenak egin eta Ikasle Goizean parte hartzeko aukerea dago

Bizkaie! 2023-09-12 07:47   Kulturea

Guneetarako proposamenak aurkezteko epea irailaren 15etik urriaren 15era izango da.

Durangoko Azokea euskal kulturearen plaza bihurtuko da abenduaren 6tik 10era. Produkzinoen erakusketaz gan, besteak beste, aurkezpenak, barriketaldiak, tailerrak, proiekzinoak eta musikea zein antzezkizunak egongo dira. Kulturzaleei egitarau zabala eskaintzeko asmoz, guneetako atontzaileak lanean dabiz eta bertara proposamenak bialtzeko aukerea zabalduko dabe irailaren 15ean. Sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek hilebeteko epea izango dabe euren ideak aurkezteko, urriaren 15era arte, hain zuzen be: www.durangokoazoka.eus webgunean, izen-emoteen atalaren bidez egin beharko dabe proposamenen bialketea. Ondokoak dira guneak: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia:

- Ahotsenean parte hartzeko, 2023. urtean euskeraz kaleratutako disko edo liburua (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) aurkeztu beharko da.

- Irudienean, Euskal Herrian azken urtean euskeraz sortutako ikus-entzunezko lanak erakutsi ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzinoak, aurkezpenak...

- Kabi@ gunea teknologia barriakaz lotutako aurkezpenak egiteko lekua izango da: berbaldiak, jokoak eta tailerrak, esate baterako.

- Saguganbaran ume eta gazteei begirako aurkezpenak atonduko ditue: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...

- Szenatokian jantza eta antzerki pieza laburrak egongo dira ikusgai.

- Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, euskera hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten deutsen gaiei buruzkoak.

Ikasle Goiza, abenduaren 7an

58. edizino honetan, Ikasle Goiza abenduaren 7an izango da. Zubi eguna izango danez, ikastetxeek bezela aisialdi taldeek be parte hartu ahal izango dabe bertan eta horreek be irailaren 15etik urriaren 15era emon beharko dabe izena webgunean. Goiz horretan, Durangoko Azokearen guneetan ikasleei begira atondutako jarduerak egongo dira, beti be kulturearen bueltan.

Sortzaileen lana hurretik ezagutu eta tailerretan sormena lantzeko aukerea izango dabe ikasleek.

Goiz horretako egitaraua ikasle eta gaztetxoentzat bada be, azokea edozeinentzat zabalik egongo da.

PortaDA erronkea

PortaDA erronkan be parte hartu ahalko dabe LH, DBH eta Batxilergoko ikastetxeek (Ikasle Goizera ez datozenek be bai). Euskerazko liburu eta diskoen portaden irudiak birsortu egin beharko ditue. LH eta DBH-Batxilergoa kategoriatan banatuta, saria bardina izango da: Musikariak eskoletan programako saio bat.

Kontuak kontu, zemendiaren 30a izango da erronkan parte hartzeko mugea eta argazkiak hona bialduko dira: ikaslegoiza@durangokoazoka.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu