Retina Euskadi Begisarek 20.000 € emon deutsoz Biodonostiari

Bizkaie! 2023-01-17 09:42   Pil-pilean

Proiektuaren asmoa da tresna diagnostiko eta terapeutiko barriak jorratzea.

Biodonostian, Retina Euskadi Begisarek 20.000 euroko txeke sinbolikoa emon deutso Osakidetzako Biodonostia OIIri, erretinearen distrofia hereditarioen ikerketeagaz jarraitzeko.

Erretinearen distrofia hereditarioek ikusmen-arazoak sortzen dituen gaixotasun genetikoak dira, adibidez, erretinosi pigmentarioa. Eritasun degeneratiboak dira eta gaixoek ikusmena apurka-apurka galtzen dabe itsutasunera heldu arte. Gaur egun ia dana osatuezinak dira.

Retina Gipuzkoa Begisare, erabilera publikoko alkartea, orain 25 urte sortu zan eta, oraintsu, Bizkaiko eta Arabako erakundeak eta danen helburua da erretinearen herentziazko distrofiek jotakoen bizi-kalidadea hobetzea, gizartea sensibilizetea eta ikerketea sustatzea gaixotasunak osatzeko: Badira urte batzuk hiru alkarteok alkarregaz lan egin eta ahalegin berezia egiten dogula hainbat kanpainen bidez dirua batzeko; horreei esker 20.000 € emon ahal izan ditugu, Biodonostian ikerketak sustatzeko.

Javier Ruiz Ederra doktorea eta Cristina Irigoyen Donostia Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuko doktorea Bidonostia OIIko Neurodegenerazino Sentsorialeko Taldearen zuzendariak dira eta 2011tik Retina Euskadi Begisareren laguntzinoari esker lanean dabiz.

Retina Euskadi Begisarek emondako finantziazinoari esker, erretinearen herentziazko distrofietako ikerketa-proiektuetan aurrera egin ahal izango dogu. Alde batetik, begian emoten dan botika bat aztertzen gabiz, distrofia mueta askori zuzendutakoa. Gainera, aurrerapausoak emongo ditugu genomearen azterketan oinarritutako estrategia diagnostiko barriak jorratzen, adierazo dabe taldeko ikertzaileek.

Ekitaldian Retina Euskadi Begisareren hiru lurraldeetako ordezkariek parte hartu dabe: Valentín Simón Retina Araba Begisareko burua, Itsaso Nuin Retina Gipuzkoa Begisarekoa eta Arantza Uliarte Retina Bizkaia Begisarekoa. Biodonostiak ordezkaritza zabala izan dau, Javier Ruiz Ederra eta Cristina Irigoyen doktoreak, Neurodegenerazino Sensorialeko ikerketa-taldearen zuzendariak buru zituela. Araceli Lara López, María Rodríguez Hidalgo eta Klaudia González Imaz doktoratu aurreko ikertzaileak, Pablo Marco Moreno ikertzailea eta Ainara Vallejo Illarramendi, Neurozientzien arloko ikertzaile nagusia eta proiektuaren laguntzailea be bertan izan dira.

Biodonostiako eta Donostia Ospitaleko profesionalek adierazo dabe gaixotasun horreen ezagutzan aurrera egiteko ezinbestekoa dala Retina Euskadi Begisarek era aktiboan parte hartzea, bai gaixoek, bai euren senideek eta lagunek be. Era berean, Alkarteak zein ikertzaileek nabarmendu dabe baliabideak lortzea oinarrizkoa dala ikerketak aurrera egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu