Filmazinoen jasangarritasuna balorauko dau Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2022-04-05 08:20   Zinemea

Ingurumena gehiago errespetetan daben produkzinoak egiteko laguntza eta aholkularitzea be eskainiko dira.

Euskadiko Zinema Jasangarriaren estrategia jorratzen dabil Eusko Jaurlaritzea 2022-2024 aldirako eta, besteak beste, laguntza-politiketan jasangarritasun-erispideak sartzea aurreikusten dau, baita ingurumena gehiago errespetetan daben produkzinoak egiteko laguntza eta aholkularitza eskaintzea be. Horretarako, Basque Green Film izeneko idazkaritza teknikoa jarriko da martxan, Zineuskadik koordinauta eta sektoreko enpresei zuzendutako zerbitzuak eskainiko ditu. Holan, Eusko Jaurlaritzeak Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Europako eta Euskadiko estrategia berde eta zirkularrakaz bat datozen eremuak zabaltzen
jarraitzen dau.

2021eko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzeak etorkizun jasangarriagoa lortzeko ibilbide-orri bat aurkeztu eban Europako Itun Berdeagaz bat eginez. Ibilbide-orri hori Basque Green Deal (BGD) da. Emisinoak murrizteko eta energia barriztagarria sortzeko helburuak batzen ditu eta industria eta teknologia nabarmentzen ditu aldaketa-palanka nagusi lez. Horretarako, zientziaren, teknologiaren, ekonomia zirkularraren, industriaren, energia-transizinoaren eta elikadura-katearen bidezko garapena eta garapen jasangarria parekatu nahi dira.

Ikus-entzunezkoen sektoreak be bat egin behar dau konpromiso horregaz eta, horregaitik, zinema jasangarria bultzatzea erabagi da, euskal produkzinoek ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan deien.

Laguntza-erispideak

2022tik aurrera, Eusko Jaurlaritzearen laguntzak jaso nahi dituen ikus-entzunezko produkzinoek proiektuaren jasangarritasun-plan bat aurkeztu beharko dabe. Zeregin hori errazteko, Basque Green Film-ek aholkularitza personalizatuko zerbitzu bat, erreferentziazko dokumentazinoa, prestakuntza-tailerrak, webgune espezifiko bat eta topaketa profesionalak jarriko ditu produkzino etxeen eskura.

Era berean, 2024tik aurrera Green Film ziurtagiria Euskadiko ikus-entzunezko produkzinorako laguntzen programan sartuta egotea aurreikusten da. Zigilu hori CineRegiok hartu eban ziurtagiri berde komun lez. Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila Europako zinemako eskualde-erakundeen sare honen kide da.

Jasangarritasun-plana egiteko ikus-entzunezko produkzioetan bereziki aztertu beharko diren elementuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: garraioa, energia, ostatuak, janaria eta edaria, materialen hautaketa, hondakinen kudeaketa, natur ingurunearen erabilera etatokiko ekonomiari laguntza.

Erronka partekatua

Erronka hori partekatua da, sektorea Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Estadu Batuen urratsak jarraitzen dagoalako, herrialde horreek aitzindariak baitira arlo horretan. Hain zuzen, Europar Batasuneko, Norvegiako, Suitzako eta Erresuma Batuko 49 erakunde batzen dituan CinemaRegiok badau honezkero lantalde berde bat, politika eta baliabide jasangarriak bistan jarri eta sustatzeko eta zinema eta telebista-industriarako zein hareen finantziazino-erakundeetarako bideragarri bihurtzeko. Antzeko beste ekimen batzuen artean, Green Screen aitatu behar da, Interreg Europa programeak finantziautakoa. Programa horren helburua da sektoreak Europan dauen karbono-aztarna murrizten laguntzea, ikus-entzunezko produkzinoetan aplikautako neurri iraunkorrak hobetuz.

Euskadin, 2021ean, Gasteizko Udalak eta Donostia Film Commission-ek zinema jasangarria sustatzeko lehen ekimenak jarri zituen martxan; lehenengo kasuan, jasangarritasun-ekintzak jasoten dituen proiektuei aparteko puntuak emon jakez laguntzak emoteko balorazinoetan eta Gipuzkoako uriburuaren kasuan, ikus-entzunezkoen produkzino jasangarrirako dekalogo bat egin da.

Aldi berean, Europa Creativa MEDIA lako beste laguntza-programa batzuk edo ICAA lako erakundeak hasi dira euren deialdietan jasangarritasun-erispideak sartzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu