Sei Oscar 'Dune'-rentzat, baina pelikularik onena 'CODA' izan da

Bizkaie! 2022-03-28 08:30   Zinemea

Aktorerik onenak Will Smith eta Jessica Chastain izan dira.

Troy Kotsur ('Coda'), Oscar Saria erakusten (argazkia: @The Academy) | Ikusi handiago | Argazki originala

Audientzia berreskuratzeko ahaleginean, erritmo handiko galea izan da 2022ko Oscar Sariak emotekoa, eta zortzi kategoriatako sarituak ekitaldia baino lehen emon ditue jakitera. Horrek ez ditu zinemagintzako profesionalak gustura itxi. Dana dala, galako momenturik deigarriena Will Smith aktorearen eskutik etorri da, edo ukabiletik. Chris Rock umoregilea jo dau agertokian bertan, honek Smithen andrearen inguruan gustu txarreko txiste bat egin dauelakoan.

Kontuak kontu, sari nagusiak banatzeko orduan, ez da protagonista bakar bat egon. The Power of the Dog-ek hamabi izendapen izan ditu, baina bakarra irabazi dau: zuzendaririk onenarena, Jane Campionentzat. Dune-k, ostera, sei eroan ditu etxera, baina gehienbat alor teknikoetakoak.

Pelikularik onenaren saria CODA-k irabazi dau, gorren familia baten gorabeherak kontetan dituan istorio hunkigarriak. Troy Kotsur, bigarren mailako aktoreen kategorian, Oscarren historian irabazle izan dan bigarren aktorea bihurtu da. Aktore nagusien atalean, Will Smith eta Jessica Chastain saritu ditue.

Soinu bandarik onenaren kategorian Alberto Iglesias donostiarra egon da izendatuen artean. Hollywoodeko musikari beterano eta ezagunenentako batek eskuratu dau, baina, saria, Hans Zimmer-ek.

Hona hemen sari nagusiak:

- Film onena: CODA.

- Zuzendaririk onena: Jane Campion.

- Aktorerik onena (gizonak): Will Smith.

- Aktorerik onena (emakumeak): Jessica Chastain.

- Bigarren mailako aktorerik onena (gizonak): Troy Kotsur.

- Bigarren mailako aktorerik onena (emakumeak): Ariana DeBose.

- Nazinoarteko film onena: Drive My Car (Japonia).

Palmares osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu