Zazpi domina irabazi ditue euskal sokatiralariek Munduko Txapelketan

Bizkaie! 2021-09-20 07:53   Kirola

Gaztediren urre biak eta Selekzinoaren beste biak izan dira emoitzarik aitagarrienak. 

Etxean jokatu dabe euskal tiralariek aurtengo Lur Ganeko Munduko Txapelketea, Getxo izan dalako herri antolatzailea, eta publikoaren animoei ederto erantzun deutse: zazpi domina irabazi ditue danetara, tartean urrezko lau. Kluben atalean zein selekzinoenean bikain ibili dira euskaldunak. Dominen sailkapen nagusian, bigarren izan da Euskal Herria, etxera 14 domina eroan dituan Suitzaren atzetik. 

Kluben arteko lehian, Gaztedi izan da euskal ordezkaririk aitagarriena. Laukizkoek urrezko domina bi irabazi ditue, emakumeen 500 kilokoan eta gizonen 560koan. Ganera, B taldeak brontzezkoa eskuratu dau. Erandioko Goiherri taldeak brontzezko dominea lortu dau 23 urtez azpikoan.

Taldeka lau domina eskuratuta, euskal selekzinoaren txandea heldu da ondoren. Basque Country izenpean, modu ofizialean lehiatzen dira euskal tiralariak, Euskal Herria TWIF nazinoarteko federazinoko eskubide osoko kide dan ezkero. Hiru domina jantzi ditue euskaldunek Getxon.

Zapatuan eta domekan izan dira talde nazionalen arteko lehiaketak. Euskal Herrikoentzat egun oparoena zapatua izan da, historikotzat be jo leiteke irailaren 18a, gizonezkoetan eta emakumezkoetan irabazitako urre biei esker. 

Munduko Txapelketa honetako herrialderik indartsuena, Suitza, izan dabe aurrez aurre euskal herritarrek final bietan, eta pronostikoak apurtu behar izan ditue urrezko dominak irabazteko. Ez da lan erraza izan, baina emakumeen 500 kilokoan eta gizonezkoen 560koan onena izan da Basque Country

Euskal Selekzinoaren lan ederra biribiltzeko, Munduko Txapelketearen azken egunean, domekan, brontzea eskuratu dabe euskal tiralariek 23 urtez azpikoan.

Euskal sokatireak munduaren aurrean erakutsi ahal izan dau bere mailea, nazinoarteko herrialderik indartsuenetako batzuek egindako lana hobetuta. Adibidez, Alemaniak baino domina gehiago eskuratu ditue, klubak eta selekzinoa batuta. Baina, ganera, Munduko Txapelketea antolatzeko gaitasuna agertu dau Getxok, publikoak ondo erantzun dau eta Euskal Herria sokatiran erreferente dala garbi ikusi da. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu