Azkuna Zentroko Babestu programara 103 proiektu aurkeztu ditue

Bizkaie! 2020-08-19 13:21   Kulturea

Sorkuntza garaikideari laguntzeko egitasmoa da.

Guztira 103 proiektuk emon dabe izena Bilboko Azkuna Zentroak martxan jarritako Babestu programan. Sorkuntza garaikideari laguntzeko sortutako ekimen berezi horretan parte hartzeko aukerea izango dabe, beraz. Bertoko artistek eta kultura-eragileek sormen-prozesuak eta ikerketak egiten segidu ahal izatea da asmoa, Covid-19aren pandemiak eragin dituan oztopoen ganetik.

Babestu programearen bidez, Azkuna Zentroak sorkuntza eta kultura garaikidea lagundu eta zabaldu nahi dau, esperientzia, idea eta ikuspegiak konpartiduteko modua emonda. Ganera, hurreko sortzaileen sarea bultzatu nahi dau.

Balorazino Batzordeak, aurkeztutakoen artean hamar proiektu aukeratuko ditu, Azkuna Zentroaren euskarriak, aholkularitzea eta bitartekaritzeaz gain, bakotxak 6.000 euro jasoko dabenak. Epaia irailaren 9tik aurrera jakinarazoko da. Azkuna Zentroko lantaldeko kideak eta arte-sektorean ibilbide profesional autortua daben adituak arduratuko dira proiektuak aztertu eta onenak aukeratzeaz.

Aukeratzeko orduan, praktika artistikoei heltzeko modu barritzaileak dituen proiektuak hobetsiko ditu Balorazino Batzordeak, baita Azkuna Zentroaren programazinoagaz bat datozanak be. Proiektuak Azkuna Zentroan garatu eta aurkeztuko dira.

Deialdira aurkeztu diran 103 proiektuek askotariko gaiak jorratzen ditue: teknologia gure gizartean, alkimia, naturea, migrazinoa, konsumo digitala, genero-bardintasuna, identidadea... Azken baten, gaur egungo gizartearen erakusgarri dirala dinoe Azkuna Zentroko ordezkariek. Proposamen gehienetan prozesuak garrantzitsuak dira, eta komunidadearen inplikazinoari balioa emoten deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu