Urietako fauna aberatsa, Bidebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2020-06-10 11:10   Kulturea

Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak emongo ditu azalpenak bihar, eguena.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak bihar, eguena, egingo dau Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren hurrengo saioa, urietan bizi diran animalien ingurukoa (Animales urbanos, gaztelaniaz izango da). Juan Ignacio Pérez Iglesias dibulgatzaile eta EHUko katedradunak emongo ditu azalpenak, 19:00etan. Interesa dabenek online ikusi eta entzun ahal izango dabe saioa.

EHUren Kultura Zientifikoaren Katedreagaz batera antolatutako zikloa da Bidebarrieta Zientifikoa. Zorroztasunez baina modu dibulgatiboan gai zientifikoak eta teknikoak jenteari hurreratzea da helburua.

Askotan uste dogu uriak gizakiontzat eta geure maskotentzat baino ez dirala bizileku aproposak, uriko bizimodura ohitu diran espezie gitxi batzukaz batera (usoak edo arratoiak). Baina errealidadea bestelakoa da, animalia basati asko be urietan ibilten diralako, sarritan guk sumatu ez arren. Azkenaldion, ganera, ugaztun eta hegazti espezie barriak hasi dira agertzen, eta, batez be, horreen inguruan egingo dau berba Pérez Iglesiasek.

Biologoa eta Fisiologiako katedraduna da EHUn Juan Ignacio Pérez Iglesias, eta Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakaslea. Jakiunde Akademiako eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoko kidea da, eta Ikerbasquen eta EHUren Udako Ikastaroen Fundazinoko patronatuan be badabil. Kultura zientifikoaren dibulgazinorako proiektu ugari gidatzen ditu. EHUko errektore izan zan.

Juanma Gallegok be parte hartuko dau saioan. Zientzian, geoestrategian eta ondarean espezializautako kazetaria da, besteak beste, EFE Agentzian, ETBn, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ibilia. Pérez Iglesiasek zuzentzen dauen Kultura Zientifikoaren Katedrearen laguntzaile da.

Bidebarrieta Zientifikoa zikloko saio hau ikusi nahi dauenak Zoom plataformearen bidez egin ahal izango dau, aurrez aurreko publiko bako hitzordua izango dalako, koronabirusagaitik. Bestela, streaming bidez ikusiko da, hemen. Amaitzen danean, Bidebarrieta Kulturgunearen Facebook kontuan konpartiduko dabe grabazinoa.

2020/06/11 19:00

Online

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu